Herriak eta Hiriak
Aste Nagusiaren balantzea
Bilboko Konpartsek diote erasoak eta zentsura izan direla jaien puntu beltz
agentziak | erredakzioa
Hala eta guztiz ere, Aste Nagusia "izugarria" eta jendearen parte hartzea handia izan dela azpimarratu dute.
Bilboko Konpartsek salatu dutenez, sexu-erasoak eta "zentsoreak" izan dira "berriro izugarria" izan den Aste Nagusiaren puntu beltzak.
Bilboko Areatzan txosnak kentzeko lanetan dihardute, atzo amaitu ziren bederatzi eguneko Aste Nagusiaren ondoren. Ohiane Pascual eta Iker Martin Bilboko Konpartsen bozeramaileek aurtengo jaien balorazioa egin dute.
Azaldu dutenez, "zoritxarrez, jai hauetan ere eraso sexistak izan dira, eta gaineratu dute "eraso kopuruak behera egiteak" ez dituela "garaile" bihurtzen.
Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbat goizean sexu askatasunaren aurkako delituak leporatuta, bi emakumeri ukituak egin eta beste bat jazartzeagatik.
"Matxismo arrasto guztiak ezabatu arte gizartea kontzientziatzeko lanean jarraitzen dugu eta jarraituko dugu", adierazi dute konpartsek.
"Zentsoreen pareta hotzetatik" jaia "polemikaz zikindu" dutela gaineratu dute. Izan ere, aurreko astelehenean Ertzaintzak kartelak kendu zituen Hontzak txosnatik, Bilboko Gotzaingoak salatu ostean.
Bestalde, Dignidad y Justiciak salaketa jarri zuen Auzitegi Nazionalean ETAko presoen argazkiak zituzten hiru konpartsen kontra, terrorismoa goratzea eta biktimak umiltzea leporatuta.
"Beste behin ere, erresuminduek jai ereduari eraso egin diote inolako arrakastarik lortu gabe, muntaien aurrean herriak Aste Nagusian egonkortuta dagoen jai eredua babestu baitu berriro, umorez, adierazpen askatasunez eta aldaketa sozialaren alde eginez", Bilboko Konpartsen arabera.
Era berean, konpartsek uste dute jaien egitaraua "berritzea eta indartzea" lortu dutela, eta Aste Nagusia "berriro izugarria" izan dela.
Konpartsek 525 jardueratik gora antolatu dituzte, eta azpimarratu dute gastronomia lehiaketan izan zela partehartze handiena.
Horrez gain, goitiberetan ere gora egin omen du partehartzeak, eta itsasadarreko waterpoloa eta txupinerak eta pregoilariak egindako lana goraipatu dituzte.