Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Bi emakumezkok eraso sexistak pairatu dituzte Bilbon

Erasotzailea beste emakume bati eraso egiten saiatu da, baina ez du lortu, eta Ertzaintzak atxilotu egin du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

22 urteko gizon batek ukituak egin dizkie larunbat goizean Bilboko Indautxu plazako atari batean bi emakumezkori, eta hirugarren bati eraso egiten saiatu da Trenbidearen etorbidean. Ertzaintzak atxilotu egin du.

Lehendabiziko erasoa 8:45 aldera gertatu da. Indautxu plazan zegoen emakume batek adierazi du atariko eskailerak jaisten ari zela gizon bat hurbildu eta indarkeriaz heldu diola bular aldetik. Biktimak askatzea lortu du eta erasotzaileak hanka egin du.

Zenbait lekukoren arabera, gizon berak ukituak egin dizkio beste emakume bati atari berean.

Handik 20 minutura, Ertzaintzak abisu bat jaso du gizon bat Trenbidearen etorbideko etxebizitza batean zebilela ohartarazteko.

Abisu horren esanetan, gizon bat emakume baten atzetik sartu da kale horretako atari batean, eta hari segika ibili da eskaileretan gora, baina ez du harengana heltzerik lortu. Beste lekuko baten esanetan, gizonak prakak jaitsita zeramatzan.

Ertzaintzaren patruila batek atariko eskaileretan bertan aurkitu du gizona, eta Indautxuko erasoa egitearen susmagarriarekin bat zetorrela egiaztatu ahal izan du.

Horrenbestez atxilotu eta polizia-etxera eraman dute. Aipatutako emakume bik dagoeneko jarri dute dagokion salaketa.

Gaitzespena

Bilboko Udaleko udal talde guztiek aho batez gaitzetsi dituzte atzo hiru emakumezkok pairatutako sexu-ukituak.

"Bilbotarrei gogorazi nahi diegu gizartean eta egunerokotasunean, alor pribatuan nahiz publikoan, pil-pilean dagoen indarkeria matxistaren isla dira horrelako jazoerak", esan dute adostutako agirian. Zentzu horretan, "emakumeekiko errespetuzkoak ez diren edozein jarrera" errefusatu dituzte, "keinu sexistetatik hasita, muturreko erasoetaraino".

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere eraso horiek deitoratu eta gaitzetsi ditu, eta "erdeinagarriak" direla esan du.

-----------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak emakumeak Bilboko albisteak Tratu txarrak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea