Herriak eta Hiriak
Aste Nagusia
Marijaiak itsasadarra zeharkatu eta agur esan du datorren urtera arte
Agentziak | Erredakzioa
Aste Nagusiko erregina itsasadar erdian erre da, eta modu horretan amaiera eman die emozioz beteriko bederatzi eguni.
2017ko Aste Nagusiari agur esan diote bilbotarrek igande gau honetan; izan ere, Bilboko jaietako erregina den Marijaia sugarren artean ahitu da Udaletxeko zubira iritsi bezain pronto, eta ekitaldi horrek azken puntua jarri dio aurtengo jaiei. Alabaina, datorren urtean indar handiagorekin berpiztuko da, eta bere irribarre paregabe erakutsiko du beste behin Arriaga antzokiko balkoitik, Aste Nagusi berri batzuei hasiera emateko.
Hartara, 21:00etan, hainbat traineru Deustuko klubetik atera eta Pio Barojako pantalanera zuzendu dira. Guztira, 28 arraunlari zuriz jantzita eta jaien zapia lepoan jarrita pregoilaria eta txupineraren bila hurreratu dira. 21:45ean, arraunlariek beraien arraunak altxaturik, Nati Ovelleiro pregoilariari (Ongi etorri errefuxiatuak plataformako ordezkaria) eta Ane Ortiz txupinerari (Askapeña Konpartsako kidea) harrera egin diete eta dantzari batek haien omenezko aurresku bat dantzatu du.
Aurreskua dantzatu dute pregoilariaren eta txupineraren omenez. Argazkia: EiTB
Ondoren, 22:00etan, ontziak Mesedeetako zubira abiatu dira Marijaia itsasadarretik egin duen ibilbidetik gidatzeko. Agurra 22:20 inguruan hasi da, ordu horretan Marijaia 'Tomatera' ontzian igota, Areatzako zubitik Udaletxera joan da.
Musika ibilbide guztian zehar entzun ahal izan da itsasadarreko bi aldeetan jarri diren soinu-dorreei esker, eta txosnek euren argiak itzali dituzte Bilboko jaietako ikurrari merezitako agurra eskaintzeko. Udaleko zubira heldu ahala, pregoilariak hitz batzuk eskaini dizkio Marijaiari, eta 22:35ean inguru, erre egin dute.
Pregoilariak azken mezua zuzendu dio Marijaiari. Argazkia: EiTB
Marijaiak Bilboko itsasadarra zeharkatu. Argazkia: EiTB
Marijaia erre den unea. Argazkia: EiTB
Marijaia erre den unea. Argazkia: EiTB
zkia: EiTB