18:14

Herriak eta Hiriak

15 eguneko epea

Donostiarrek Urrezko Danborra proposatu ahal izango dute urriaren bukaeran

Agentziak | Erredakzioa

Donostiako erroldan dauden pertsona guztiek euren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, baina finalera heltzen diren hautagaiak 16 urtez gorakoek bakarrik bozkatuko dituzte.

  • Azken Urrezko Danborra. Artxiboko irudia: EFE

    Azken Urrezko Danborra. Artxiboko irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Donostiako erroldan dauden pertsona guztiek, adin mugarik gabe, Urrezko Danborra jasotzeko hautagaiak proposatu ahal izango dituzte urriaren bukaera aldera zabalduko den 15 eguneko epean, baina finalera heltzen diren hautagaiak 16 urtez gorakoek bakarrik bozkatuko dituzte.

Duñike Agirrezabalaga Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak hautaketa prozedurako epeen berri eman du gaur, herritarrei protagonismo handiagoa emateko helburuarekin.

Proposamen guztiak jaso ondoren, hautagaiek saria jasotzeko baldintzak betetzen ote dituzten aztertuko dute Udaleko zerbitzu teknikoek, eta dagozkien txostenak igorriko dituzte.

Gutxienez hiru hautagai eta gehienez bost

Ondoren, Bozeramaileen Batzordeak gutxienez hiru hautagai eta gehienez bost aukeratuko ditu. Urrezko Danborra jasotzeko prest ote dauden galdetuko diete.

Hurrengo pausoa hautagaien izenak jakitera ematea izango da. Abenduaren erdialdera online bozketarako zazpi eguneko epea zabalduko dute.

Etxean bozkatzeko aukerarik ez duten pertsonentzat kultur etxeetan eta Udalaren zentroetan ordenagailuak jarriko dituzte, eta behar edo nahi izanez gero botoa emateko laguntza jasoko dute.

Abenduaren bukaeran, aukeratutako pertsonaren izena jakitera emango dute. Ondoren, osoko bilkuran berretsi beharko dute.

Urrezko Danborraren bozketan parte hartzeko deituz, kanpaina bat martxan jarriko du Udalak, zinegotziak azaldu duenez. Saria urtarrilaren 20an eman ohi dute, San Sebastian egunean. Iaz, ostera, ez zuten Urrezko Danborra entregatu, Angels Barcelo kazetariaren hautaketa polemikoaren ostean.

Iruzkinak

  • Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena