Itxi

Herriak eta Hiriak

Lapurreta

Gizon bat atxilotu dute 12.000 euroko kirol materiala lapurtzeagatik Getxon

Agentziak | Erredakzioa

Larunbat goizean Getxoko Jolaseta Kirol Klubeko langile bat lapurretaz konturatu zen eta Ertzaintzari jakinarazi zion.

Ertzaintzak eta Leioako Udaltzaingoak 34 urteko gizon bat atxilotu dute 12.000 euroko kirol materiala lapurtu izanagatik, Getxoko Jolaseta Kirol Klubean. Lapurtutako materialaren zati bat, gainera, Bilboko beste kirol elkarte batean saldu omen zuen.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gizonari lapurreta delitu bat eta beste maula delitu bat egotzi diote lapurtutako materialaren zati bat saltzeagatik.

Larunbat goizean, Getxoko Jolaseta Kirol Klubeko langile bat lapurretaz konturatu zen. Besteak beste, pilotak botatzeko makina bat, tenis piloten kaxoi bat, erraketak, sasi-garbitzeko makina bat edo putz egiteko beste makina bat lapurtu zuten.

Ertzaintzari lapurretaren berri eman ostean, ikerketa abiatu zuten materiala berreskuratzeko eta ustezko lapurrak identifikatzeko.

Bilboko kirol elkarteko langile batek igandean ertzainei jakinarazi zienez, antza, Bartzelonan ixtear zegoen denda baten kirol materiala erosi egin zion gizon bati, baina Getxon izandako lapurretaren berri izan bezain laster Jolaseta elkarteko arduradunekin hitz egin zuen eta erositako material hura Getxon lapurtutakoa zela konturatu zen.

Leioako Udaltzaingoak ustezko lapurra atxilotu du.

Orain, gainerako materiala, ziurrenik era berean saldutakoa, non dagoen ikertzeaz gain, lapurretan pertsona gehiago parte hartu omen zuten ikertzen ari dira.