Itxi

Herriak eta Hiriak

GASTEIZ

Gasteizek tranbiari buruzko kontsulta onartu du, baina obrak aurrera darrai

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek tranbia hegoaldetik luzatzeko proiektua babesten duten ala ez jakiteko kontsulta bat egitea aurreikusten bada ere, lanak datozen egunetan hasiko dira.

  • Tranbia, Gasteizen. Argazkia: EiTB

Gasteizko tranbia hegoaldetik luzatzeko lanak datozen egunetan hasiko dira, nahiz eta oposizioak gaurko osoko bilkuran herri galdeketa bat egitea onartu duen gasteiztarrek proiektua babesten duten ala ez jakiteko.

Osoko bilkuraren osteko prentsaurrekoan Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak esleitutako lanetan ez da aldaketarik izango. Udal Gobernuak gaurko osoko bilkurak hartutako erabakiaren kontrako helegitea jarriko du administrazioarekiko auzien epaitegian, erabakiak Udalarenak ez diren eskumenei eragiten diola iritzita.

Horrela, EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak epaitegien erabakiari itxarongo dio kontsultari buruzko erabakia hartzeko. Orduan, beti ere epaileak hala erabakitzen badu, Udalak kontsulta egiteko izapideak abiatuko ditu. Urtaranen esanetan, aipaturiko akordioak herri galdeketei buruzko "udal araudia" urratzen du. Gaineratu duenez, Ingurumen Sailaren eta Udalaren Lege Aholkularitza sailak egindako txostenen arabera, tranbiari lotutako guztia Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da eta arauak Udalari dagozkion gaiez soilik galdetzea ahalbidetzen du.

Ahal Duguk kontsulta egitearen alde aurkeztutako proposamena aurrera atera da, koalizio morearen, EH Bilduren, Irabaziren eta PPren aldeko botoei esker. EAJk eta PSE-EEk, berriz, aurka bozkatu dute.