Itxi

Herriak eta Hiriak

TRANBIA

Gasteizko tranbia ez da Triana kalean geldituko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, Nieves Cano kaleko 375 metroko tartea trenbide bakarrekoa izango da bikoa izan beharrean.

1:18

Gasteizko tranbiaren obren jarraipen-batzordeak (Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak eta Udalak osatutakoa) proiektua aldatzea baimendu du Triana kaleko geltokia kentzeko. Izan ere, trenbidea lurperatzeko lanek aurreikusitako “intermodal” funtzioa galaraziko lukete.

Triana kaleko geltokia kentzeak zubi horretako obrak erraztuko ditu, pasabidea 3 metro handitu beharko baita 13,5 metro handitu beharrean. Hori nahikoa izango da autoek 2 bide izaten jarraitzeko eta bidegorriaren eta kalearen zabalerari eusteko.

Bestalde, Nieves Cano kaleko 375 metroko tartea bide bakarrekoa izango da, bi bidekoa izan beharrean. Horrela, zuhaitzak moztea saihestuko da eta espaloia zein aparkalekuak mantenduko dituzte.

Aldaketa horiek ez dute eraginik izango hasi berri diren obrek duten 20 hilabeteko epean. Tranbia unibertsitaterantz luzatzeko obrek 8 kilometro dituen ibilbidea 1,4 kilometro handitzea ekarriko dute. Lanek 10,4 milioi euroko aurrekontua dute, % 65 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du, eta Udalak eta Diputazioak ordainduko dute gainerako % 35a.