Herriak eta Hiriak
Ostiral honetan
San Mameseko kiroldegia egiteko lanen hasiera, 5,5 milioiko aurrekontuarekin
Agentziak | Erredakzioa
Kiroldegi berriak 5.000 metro karratu baino gehiago izango ditu. 50 metroko igerileku estali bat izango duen hiriko lehen kiroldegia izango da.
-
San Mames, Athleticen futbol-zelaia. Artxiboko irudia: EFE
San Mameseko futbol-zelaiaren beheko solairuetan kiroldegi berria egiteko lanei hasiera emango die Bilboko Udalak ostiral honetan. 5,5 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izango da.
Udalak agiri batean jakinarazi duenez, kiroldegi berriak 5.000 metro karratu baino gehiago izango ditu. 50 metroko igerileku estali bat izango duen hiriko lehen kiroldegia izango da.
Gainera, ia 400 metro karratuko fitness areto bat, umeentzako igerileku bat eta aisialdirako eremu bat izango du; SPA zirkuitu bat barne, bi sauna, bi bainu turkiar eta kontraste dutxa zona batek osatuta.
2019ko udaberrian, zabalik
Lanak bukatzeko gutxi gorabehera 15 hilabeteko epea ezarri dute. hiru urteetan 5.412.878 euro xahutuko dituzte, 2019ko udaberrian ateak irekitzeko helburuarekin.
Bilbok eta Athleticek akordioa sinatu zuten 2011an. Horrela, futbol-zelaia egiteko lekua utzi zion Udalak klubari; trukean kiroldegi berria egiteko tokia jaso zuen hiriak.
Kiroldegi berriak oinezkoentzako sarbide independente bat izango du, futbol-zelaiko 19. atearen eta Athleticen Museoko sarreraren artean.