Herriak eta Hiriak
Bilbo
Milaka lagun bildu dira Bilbon santomasetan
Agentziak | Erredakzioa
Eguraldia lagun, milaka lagun ari dira Areatzan eta Plaza Barrian barrena baserriko produktuak erosten eta taloa jaten.
Milaka lagun ari dira ostegun honetan festa giroan Bilboko Areatzan eta Plaza Barrian, Gabonetako ohiko San Tomas azokan. Baserriko produktuek zein talo eta txorizoak arrakasta izugarria dute bertan.
Aurten, gainera, eguraldia lagun izan dute San Tomas azokaren 70. edizioan, eta 11 gradu inguru izan dira.
Bilbotarrek eta bisitariek 276 postuetako produktuak erosi dituzte, eta taloa eta txorizoa (edo odolkia edo hirugiharra) jan dute askok 18 txosnetako batean, azokako jarduerarik tipikoena baita.
Guztira, 144 baserritarrek saldu dituzte euren produktuak ostegun honetan; besteak beste, barazkiak, frutak, eztia, kontserbak, loreak, txakolina eta sagardoa.
Zazpikaleak jendez gainezka izan dira goizean goizetik, garraio publikoaz baliatuta, batez ere metroan, etengabe heldu baita jendea.
Elementu nagusien artean ere, segurtasun neurri bereziak izan dira, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun plan berezia ezarri baitute gaurko.
Horretarako, loreontziak eta polizia-furgonetak jarri dituzte azokarako hiru sarreretan (udaletxean, Areatzan eta Erriberan); ertzain batzuek arma luzeak eraman dituzte, eta beste batzuk uniformearekin eta uniformerik gabe ibili dira azokan zehar, lapurretak eta liskarrak saihesteko.
Bestalde, azokako antolatzaileak, BBK-k, omenaldia egin die Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariari eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariari, "hiriaren garapen eta eraldaketa kulturalaren alde" egindako lanagatik.
Ildo berean, kontsumitzaileen osasuna bermatzeko, saltokietako elikagaien ohiko segurtasun kontrolak egin dituzte Udaleko teknikariek 07:30ean hasita.
Goizak jende ugari elkartu du, baina arratsalderako ez da gutxiago espero, gazteak baitira azokaren bigarren txandaz gozatzeko ardura hartzen dutenak.