Itxi

Herriak eta Hiriak

Bozkatzeko aukera, zabalik

Bilbo '2018ko Europako Helmugarik Onena' izateko hautagai izendatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Bizkaiko hiriburuak beste 19 hiri ditu lehiakide; besteak beste, Viena, Paris edo Edinburgo. Otsailaren 8ra arte, aukera dago Interneten bidez botoa emateko.

  • Guggenheim Museoa goraipatu dute lehiaketaren antolatzaileek. Argazkia: Andertxu Arrieta.

    Guggenheim Museoa goraipatu dute lehiaketaren antolatzaileek. Argazkia: Andertxu Arrieta.

20 hiri daude, urtarrilaren 18tik aurrera, '2018ko Europako Helmugarik Onena' izateko lehian, eta Bilbo horien artean dago. Bizkaiko hiriburua zerrenda horretan sartu dute aipatutako sailkapenaren bultzatzaileek; gero eta garrantzi handiagoa du ranking horrek Europa mailan interes turistikoak dituzten hirientzat. Aukera dago otsailaren 8ra arte Bilboren aldeko botoa emateko, hemen.

Bilboko Udalak jakitera eman duenez, lehen postua eskuratu eta European Best Destination 2018 izateko, Bizkaiko hiriburuak botorik gehien jasotzen dituen helmuga izan beharko du. Foru Aldundiak eta Udalak kanpaina abiatu dute sare sozialetan, xede izanik lehen postu hori erdiestea, eta deia egin diete Bilboko eta Bizkaiko herritarrei parte hartu eta zabaltzeko.

Bilbok dituen 19 lehiakideren artean, besteak beste, Viena, Paris, Edinburgo, Bohinj (Eslovenia) edo Letoniako hiriburu Riga daude.

Antolatzaileek nabarmendu dute Bilbok "dinamismo ekonomikoa eta eraldatzeko gaitasuna" dituela: "Gero eta erakargarriagoa da bisitarientzat; Guggenheim Museoa, ikusgarria bera, eta Euskalduna Jauregia, hitzaldiak egiteko eta musikarako zentroa dena, Bilbo berriaren ikur bilakatu dira. Apurka-apurka, bere lekua ari da berreskuratzen, eta jendeari ari zaio itzultzen", azpimarratu dute.

Aurreko urteetan, ondorengo hiriek irabazi dute Best European Destination saria: Porto (2017an), Zadar (2016an) eta Bordele (2015ean).

>