Teknologia -
APP BERRIA
'Bilbao Now', hiriko eskaintza nahieran ematen duen app-a
Aplikazioak unean uneko informazioa ematen du, erabiltzailearen kokapena kontuan hartuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udalak CimubiSaria eman dio Bilbao Now aplikazioari. Bilboko gida turistiko eta agenda kultural gisa funtzionatzen duen aplikazioa da.
Lehiaketa honek "turisten eta bisitarien egonaldia hobetzeko ekimenak sustatzen dituzten konponbide teknologikoak" saritzen ditu. Oraingoan, saria 6.000 eurokoa izan da.
Eduardo Revilla abadiñarrak eta Galder Segurola bilbotarrak asmatu dute aplikazioa. Ekitaldi kultural eta turistikoak gida batean biltzen ditu, modu geolokalizatuan, hau da, informazio hori momentuan eskaintzen du, erabiltzailearen kokapena kontuan hartuta.
Ekitaldi gogokoena gordetzeko aukera ematen du, ibilbideak aurretik planifikatu ahal izateko; audio-gida zerbitzua dauka; eta euskaraz, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez erabili daiteke. Gainera, Aste Nagusian, Udalaren eta Bilboko Konpartsen programak kontsultatu ahalko dira, besteak beste.
Bilbao Now aplikazioa erabilgarri dago jada Android zein iOS gailuetarako. Udalak turistak nolakoak diren eta zer-nolako turismo premiak dituzten jakiteko erabiliko du aplikazio berria.
(Eduardo Revilla eta Galder Segurola saria jasotzen. Argazkia: Bilboko Udala)