Herriak eta Hiriak
Sanferminak 2018
Ostegun honetan zabalduko da txupinazoa botatzeko hautagaitzak proposatzeko epea
agentziak | erredakzioa
Hautagaia aurkezteko epea maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik, eta ekainaren 7tik 21era izango dute iruindarrek gustukoen duten hautagaiaren aldeko botoa emateko aukera.
-
Sanferminetako txupinazoaren irudia. EFE.
Sanferminetako Mahai Orokorra osatzen duten 60 elkartek baino gehiagok ostegun honetan hasi eta hilaren 23ra arte izango dute txupinazoa botatzeko hautagaia proposatzeko aukera.
Hirugarren urtez jarraian emango die alkateak herritarrei txupineroa erabakitzeko aukera, eta hautaketa prozesu horrek bi fase izango ditu.
Lehenengo fasean, maiatzaren 23ra arte, elkarteek hautagaiak proposatuko dituzte, eta Mahai Orokorrak proposatutako hautagaien artean lehen aukeraketa bat egingo du hilaren 30ean.
Boto gehien jasoko dituzten bost hautagaitzak Balioztapen Batzorde Teknikoak aztertuko ditu gero, eta, ondoren, ekainaren 7tik 21era bitartean, iruindarrek botoa emateko aukera izango dute.
Proposamen horiek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte hautagai gisa onartzeko: elkarteek hautagai gisa aurkeztu duten pertsona edo elkarteak bere onespena eman behar du, eta elkarteak horri buruzko biografia bat gaineratu behar du. Horrez gain, hautagaiak zergatik merezi duen txupinazoa botatzea azaldu beharko dute.
Sanferminetako Mahai Orokorra osatzen duten alderdi politiko edo udal ordezkariek ezingo dute hautagairik proposatu, eta ezingo dira iaz onartu ez ziren hautagaitzak aurkeztu.