Itxi

Herriak eta Hiriak

SARNA

Lau sarna kasu atzeman dituzte Barakaldoko zahar-etxe batean

agentziak | erredakzioa

Zentroak tratamendu prebentiboa abiatu du 50 egoiliar eta 51 langileen artean, eta gaixoak sendatzen ari da.

Barakaldoko Sanitas zahar-etxean lau sarna kasu atzeman dituzte maiatzaren 3tik. Gaixotasuna hedatzea saihesteko, zentroak tratamendu prebentiboa abiatu du Eusko Jaurlaritzako Epidemiologia Zerbitzuaren jarraibideak kontuan hartuta. Guztira, 50 egoiliar eta 51 langile jarri dituzte tratamenduan.

Horrez gain, egoiliar guztien arropa ur beroarekin (60 ºC-tik gora) garbituko dute, eta langileei gauza bera egiteko gomendatu diete.

Medikuak lau gaixoak sendatzen ari dira.

Barakaldoko egoitzaren arabera, lehenengo kasua dermatitis bezala diagnostikatu zuten, baina tratamendua abiatu ostean egoiliarrak azkura izaten jarraitu zuen. Ondorioz, medikuek sarna izan zitekeela susmatu, proba zehatzak egin, eta susmoa baieztatu egin zuten.

Gaixotasuna baieztatutakoan, egoitzaren arduradunek egoera horren eta abian jarritako prebentzio neurrien berri eman zieten familiei.