Itxi

Herriak eta Hiriak

Bizkaia

Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketan parte hartzeko epea, zabalik

agentziak | erredakzioa

Lana aurkezteko epea ekainaren 22ko 13:00ak arte egongo da zabalik, eta kartel guztiak argitaratu gabeak izan behar dira.

  • Marijaia Bilboko 2017ko txupinazoan. Argazkia: EFE.

    Marijaia Bilboko 2017ko txupinazoan. Argazkia: EFE.

2018ko Aste Nagusia prestatzeari ekin dio Bilbok, kartel lehiaketa martxan jarriz. Abuztuaren 18tik 26ra ospatuko dira hiriko festak, eta Udalak irudia jarri nahi dio. Horretarako, kartelak entregatzeko epea ireki du ekainaren 22ko 13:00ak arte, eta lanak Udalaren Jaietako Sailaren bulegoetan aurkeztu beharko dira, Aznar eraikineko 5. solairuan.

Udalak gogorarazi duenez, “Aste Nagusiko kartelak hirian duen presentzia handia eta nazioartean lortuz doan oihartzun gero eta zabalagoaren harira, ezinbestekoa da hiriaren balioak eta Aste Nagusiarenak kartelaren irudian agertzea”.

Gainera, Udalak herritarren parte-hartzea sustatu nahi du Aste Nagusiaren irudia aukeratzeko orduan, eta, horretarako, bilbotarrek bi modutara eman ahalko dute botoa: zuzenean eta Udalaren webgunearen bidez. Horrez gain, epaimahaia egongo da, diseinuaren arloko bost pertsonak, Bilboko Konpartsen ordezkari batek eta Udalbatzarreko hiru kidek osatuko dutena.

Aurkeztutako lanak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan behar dira, eta karteletan ondorengo testua agertu behar da: Bilbao 2018. Aste Nagusia, Abuztuak 18-26 Agosto.

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta bere kartela Aste Nagusiko irudi bihurtuko da.