Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilbo

Euskalduna Jauregiak doako wifi sarea dauka jada

eitb.eus

Gaurtik aurrera, 'Bilbao WiFi' sarea guztien eskura egongo da, libre eta dohainik, Euskalduna Jauregiaren barruan zein inguruan.

  • Euskalduna Jauregia.

    Euskalduna Jauregia. Argazkia: Daniel Rodriguez Fuentes.

Bilboko Udalak eta Euskalduna Jauregiak euren komunikazio-sareak batu dituzte, herritarrei zerbitzu berriak eta hobeak eskaintzeko. Hori dela eta, gaurtik aurrera, 'Bilbao WiFi' sarea erabilgarri egongo da, Jauregiaren barruan zein inguruan, ohiko baldintzetan: librea, doakoa eta guztientzat izango da.

Gainera, bereizmen handiko wifi teknologiari esker, Euskaldunako instalazioetan Interneterako konexio handia behar duten ekitaldiak egin ahalko dituzte; 4.000 pertsona konektatu ahalko dira aldi berean, dohainik eta edozein gailutatik.

Interneterako haririk gabeko teknologia duen sarbidea, edozein erabiltzailerentzat doakoa eta irekia, Bilboko Udalaren eta Euskalduna Jauregiaren artean sinatutako hitzarmenari esker eskainiko dute.

Horrenbestez, Bilboko Udalak eta Euskalduna Jauregiak beren baliabideak optimizatu eta koordinatu dituzte, sareen ahalmena handitzeko asmoz, hazkunde inorganiko bidez. Ondorioz, doako zerbitzu honen estaldura hobetu eta baliabideak optimiza daitezke.

Horrela, Bilboko Udalak hirian sarea hedatzen jarraitzen du, bai barne-erabilerarako, bai herritarren zerbitzurako. Horrek konektatzeko gune gehiago egotea dakar, eta herritarrek zein bisitariek Interneterako konexioaz gozatzea, modu librean, unibertsalean eta dohainik.