Itxi

Herriak eta Hiriak

Trafikoa

Donostiako Anoeta estadioko zertxa bat jasoko dute, eta trafikoan eragina izango du

Agentziak | Erredakzioa

Anoetako espaloiaren ondoan ospitalegunera joateko dauden bi erreiak itxi egingo dituzte. Behin-behineko errei bat irekiko dute Zorroaga pasealekutik.

  • Anoetako estadioko lanak

    Anoetako estadioko lanak

Donostiako Anoeta estadioa birmoldatzeko lanak direla eta, azken asteotan estadioaren iparraldeko aldean prestatzen joan diren zertxa handia igoko dute gaur. Hori dela eta, bi garabi handi prestatu dituzte zertxa igotzeko. Horrenbestez, trafikoan hainbat aldaketa egongo dira.

Gaurtik aurrera, Anoetako espaloiaren ondoan ospitalegunera joateko dauden bi erreiak itxi egingo dituzte segurtasuna bermatzeko. Behin-behineko errei bat irekiko dute Zorroaga pasealekutik, Begiristain Doktorea kalera bidea zabaldu eta ospitalegunera joan ahal izateko.

Halaber, Anoetako kirol eremurako sarbidea itxi eta oinezko sarrera bat jarriko dute. Izan ere, iparraldeko zelaigunea ere itxi egingo dute segurtasunagatik.

Beraz, Anoetara sartu nahi duten oinezkoek Zorroaga pasealekutik joan beharko dute, Anoeta hoteleko espaloiarekin lotzen duen sarbide alternatiboa antolatu baitute handik. Atano III frontoitik ere sartu ahal izango da oinez.

Ospitalegunetik Madril etorbidera edo Errondo pasealekura doazen ibilgailuek eta garraio publikoek Zorroaga pasealekura bira egin beharko dute derrigorrez, Toribio Alzaga glorietatik Aita Donostia plazara bueltatu eta ohiko bidea errekuperatzeko. Aldaketa horiek ostegunera arte mantenduko dituzte.