Herriak eta Hiriak
Hondartza denboraldia
Donostiak ostiralean ekingo dio hondartza denboraldiari
agentziak | erredakzioa
Ekainaren 15etik aurrera egongo dira erabilgarri eguzki-oihal, itzalkin eta bainatzeko laguntza zerbitzua.
-
Kontxako hondartza Igeldo menditik ikusita. Argazkia: Eduardo Urrestarazu.
Donostiako hondartza denboraldia ostiralean, ekainaren 1ean, hasiko da. Zerbitzu guztiak egongo dira erabilgarri, toldoak, itzalkinak eta bainatzeko laguntza zerbitzua izan ezik; izan ere, ekainaren 15ean abiatuko dira.
Guztira 29 pertsonak emango dute sorospen zerbitzua hiriko lau hondartzetan: 22 sorosle, 3 arduradun, 3 ontzi patroi eta koordinatzaile nagusia. Garbiketari dagokionez, harearen galbahea gauean egingo da eta garbiketa lanak, aldiz, 10:00etatik aurrera.
Miguel Angel Diez zinegotziaren arabera, aurten, oinak garbitzeko toki gehiago egongo dira Kontxan, Ondarretan eta Zurriolan.
Halaber, 1.400 eguzki-oihal eta itzalkin egongo dira eskuragarri Donostian, eta erabiltzaileak denboraldi osorako edo egun baterako alokatu ahalko ditu.