Itxi

Herriak eta Hiriak

Gasteizen

Tuberkulosi kasu bat antzeman dute Arabako Unibertsitate Ospitalean

Agentziak | Erredakzioa

Protokoloari jarraiki, haurtxoarekin harreman izandako 95 haurren gurasoei hartuko diren neurrien inguruko informazioa emango zaie, baita haurrak artatu zituzten Pediatriako profesionalei ere.

Osakidetzak Euskadiko Tuberkulosi Programan ezarritako jokabide protokoloa aktibatu du, Arabako Unibertsitate Ospitaleko Haur Jaioberrien Unitatean egon zen haurtxo baten jaiotzatiko tuberkulosia antzeman ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak eta Osakidetzak jada protokoloan ezarritako prebentzio neurriak abiatu dituzte eta kontaktuen azterketa hasi dute. Datozen egunetan pazienteek eta profesionalek hitzordua izango dute jokabide protokoloan aurreikusitako probak egiteko.

Horrela, lehenik eta behin, jokabide protokoloari jarraiki haurtxoarekin harremana izan zuten 95 haurren gurasoei hartuko diren neurrien inguruko informazioa emango zaie, baita haurrak artatu zituzten Pediatriako profesionalei ere. Informazioa Osakidetzako Osasun Aholkuaren telefonoan ere jaso dezakete: 900 203 050.

Bestalde, Prebentzio zerbitzuak osasun eta segurtasun batzordea deitu du erakundeko langileei beharrezko duten informazio guztia errazteko. Halaber, beharrezko neurriak ezarriko dizkie arriskuan egon litezkeen guztiei.

Osakidetzak gogoratu du tuberkulosia desagertu ez den gaixotasuna dela, baina egun tratamendu egoki batez osatu daitekeela. EAEn 229 kasu erregistratu ziren 2017an, hau da, 100.000 biztanleko 10,5 kasu. Aire bidez kutsatzen da eztul egitean edo hitz egitean, eta transmisioa gertatzeko denbora luzez elkarbizitza intimoa behar du.

Tuberkulosiaren baziloa oso sentikorra da kanpoko baldintzekiko. Beraz, ez da beharrezkoa inolako jardunik osasun etxeko instalazioen gainean, eta ospitaleak erabateko normaltasunez jarrai dezake jardunean.Hori dela eta, Osakidetzak herritarrei lasaitasun mezua helarazi die, beharrezko diren prebentzio neurri guztiak martxan baititu, eta aldez aurretik eskertu du deituko diren paziente eta profesionalen laguntza. Osasun Sailetik eta Osakidetzatik neurri berriak hartu behar izanez gero, puntualki egoeraren berri emango da.