Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilbo

Euskalduna zubia, berriro ibilgailuentzat irekita

eitb.eus

Arazoa "estetikoa baino ez da izan". Zubia Bilboko bide nagusietako bat da. 12 orduz itxita egon da, egitura mugitu delako.

1:16

Euskalduna zubia berriz irekita dago, oinezkoentzat zein ibilgailuentzat, 12 orduz itxita eman ostean.

Irekiera ahalbidetu duen txosten teknikoaren arabera, ez da egituraren horma-bularra mugitu. Aldiz, biserak lotzen dituen elementua apurtu da. Arazoa "estetikoa baino ez da izan".

Juan Mari Aburto alkateak Udalaren osoko bilkuran iragarri du zubiaren irekiera, eta "berri on" honengatik pozik agertu da.

Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ikerketak ibilgailuak "normaltasunez" ibili ahal dutela ondorioztatu du, egituraren horma-bularrak ez duela kalterik izan.

Euskalduna zubia bi egitura independentek osatzen dute: zubia bera eta Botika Zaharreko biribilgunearekin lotzen duen arrapala.

1997an lanak bukatu zirenetik, "markesinen arteko aldea" bistan geratu zen. Bi zatiak lotzeko beste pieza bat jarrita zuzendu zuten. Teknikoen arabera, pieza hori apurtu da, eta berriz alde hori bistan utzi du.

Bizilagunek danbatekoa entzun dute

Gertakaria 05:00ak aldera jazo da. Bizilagunak danbatekoarekin esnatu dira, zubia hautsi den unean, eta Ertzaintzari abisua eman diote.

Zubiko egituraren haustura begi-bistakoa da zubiaren estalkian. Hormigoizko plaka bat apurtu egin da. Gutxi gorabehera metro erdiko haustura bat da.

Oinezkoentzat 9:15ak aldera ireki da, eta ibilgailuentzat, 17:00etan.