Herriak eta Hiriak
Sanferminak 2018
Peñen eguna ospatu dute Iruñean eta sanferminetako pankartak aurkeztu dituzte
Agentziak | Erredakzioa
Berritasun gisa, pankarta guztiek kolore morea izango dute atzeko aldean, eraso eta jarrera sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko.
Peñen eguna ospatu dute gaur Iruñeko Alde Zaharrean. Ekitaldi ugari antolatu dituzte, eta besteak beste, aurtengo sanferminetan erakutsiko dituzten pankartak aurkeztu dituzte jendaurrean.
Berritasun gisa, pankarta guztiek kolore morea izango dute atzeko aldean, eraso eta jarrera sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko.
Helburu horri begira, Bilgune Feministarekin batera lanean aritu dira peñak erasoak gertatzen direnean jarduteko protokoloa egiteko.
Ohikoa den moduan, urteko gertaera nagusien eta pertsonaia nabarmenenen berri ematen dute pankartetan.
Hori kontuan izanik, ustelkeria politikoa, Altsasuko auzia, Kataluniako prozesu independentista eta ‘La Manada’ren auzia islatu dituzte. Horrez gain, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia, Joseba Asiron Iruñeko alkatea edo Donald Trump AEBko presidentea ere protagonistetako batzuk izan dira.
Goizeko 10:00etan ekin diote ospakizunari, zezen-plazan hamaiketakoa eginez. Ondoren, jokoak, haurrentzako jarduerak, janaria, Txuñin Etxepare sariaren banaketa, kalderete lehiaketa, dantzaldia eta janari bilketa solidarioa antolatu dituzte.