Itxi

Herriak eta Hiriak

Sanferminak

Su artifizialen hasiera atzeratu dute, hegazkinen joan-etorriari ez eragiteko

Agentziak | Erredakzioa

Aire-zirkulazioak su bilduma batzuen jaurtiketa atzeratu zuen iaz; izan ere, su artifizialak eta hegazkinen joan-etorria ez dira bateragarriak.

  • Artxiboko irudia: EiTB

    Artxiboko irudia: EiTB

Nazioarteko San Fermin Lehiaketako su artifizialak 23:15ean jaurtitzea erabaki du Iruñeko Udalak, hau da, 15 minutu beranduago. Aire-zirkulazioak su bilduma batzuen jaurtiketa atzeratu zuen iaz; izan ere, su artifizialak eta hegazkinen joan-etorria ez dira bateragarriak.

Aurten ohiko ordutegia egun guztietan, uztailaren 6tik 14ra, 23:15era atzeratzea erabaki du Udalak.

Iruñeko aireko espazioan, hegazkinen joan-etorria da zergatia; izan ere, hegaldi batek 23:10ean lur hartuko du jaiegun guztietan. Hegaldien atzerapenak edo beste eragozpenen batek su artifizialen ordutegia alda dezake; hala ere, 23:15ean hastea espero dute.

Suen bideragarritasuna ziurtatzeko, gauero Noaingo kontrol-dorreari deitu behar diote, jaurtiketa hasi baino ordu erdi lehenago, Iruñeko Udalak agiri batean azaldu duenez.

Nazioarteko XIX. Lehiaketa uztailaren 6an hasiko da, Maria Jose Barbara Lora Zamorano Valentziako diseinatzailearekin.

Uztailaren 7an ikuskizuna Saint Etiennetik (Frantzia) etorriko da, Mathieu Morelen eskutik. Uztailaren 8an Eduardo Moreno Cuitaviren estreinakoa izango da Iruñean. Uztailaren 9an Vicenzo Martarello italiarraren txanda izango da.

Festen ekuatorean, uztailaren 10ean, Vicente Cervera Chullia valentziarrak debuta egingo du Iruñean. Uztailaren 11n Gunnar Boerge Knudsen Danimarkatik, Holstebrotik, helduko da. Knudsen 2012ko sanferminetan egon zen.

Granadako Diego Salado Martinek bere bilduma erreko du uztailaren 12an. Azken bi egunetan (uztailak 13 eta 14) Shannon Nicole Tyree estatubatuarra eta Carlos Ganados Marti (Castello) izango dira protagonistak.