Itxi

Herriak eta Hiriak

Sanferminak 2018

Sanferminetako egun handia ospatu dute Iruñean

Agentziak | Erredakzioa

Joseba Asiron alkateak jaiak 'bikain hasi' direla esan du, lehen 24 orduetan 'oso jai giro ona' izan dela nabarmenduta, 'gertakari aipagarririk' gabe.

1:38

Milaka iruindar kalera irten dira gaur goizean San Fermin egunaz gozatzeko, zuri-gorriz jantzita. Festetako egun handia dute uztailaren 7a, eta hiriko Alde Zaharrean santuarekin egiten den ibilbidean hartu dute parte askok eta askok.

10:00ak baino apur bat lehenago, udalbatza Udaletxetik atera da, Joseba Asiron alkatea buru zela eta Aranzadi zein I-Eko ordezkaririk gabe, aurrekoetan egin duten moduan. Udalbatzako kideak katedralera joan dira kabildoa jaso eta San Lorenzo aldera abiatzeko, 10:30 aldera.

Erraldoiak eta buruhandiak ez ezik, La Pamplonesa musika-banda, txistulariak, gaita-jotzaileak, eta peñetako zein Jaunaren Pasioaren Ermandadeko kideak izan dira ibilbidean.

San Lorenzotik hasita, San Anton, Zapateria, Calceteros, Udaletxeko Plaza, San Saturnino eta kale Naguasian barrena joan dira, berriz ere San Lorenzon amaitzeko. Han, lore-hostoak botata egin diote harrera.

Ondoren, meza eman du Francisco Perez artzapezpikuak. Alkatea ez da mezan egon, ezta EH Bilduko eta Geroa Baiko zinegotziak ere.

Sanferminetako lehen entzierroa

2018ko sanferminetako lehen entzierroa azkarra eta zirraragarria izan da, Puerto de San Lorenzo ganadutegiko bi zezen atzean geratu baitira lehen metroetan. Pertsona bat zauritu da adarkadaz.

San Fermin sanfermines 2018 sanferminak

Sanferminen "bikain hasi" direla dio Asironek, "oso giro onean"

Joseba Asiron Iruñeko alkateak San Fermin jaiak "primeran hasi" direla esan du, eta lehen 24 orduetan "oso giro ona" izan dela, halako ekitaldi jendetsu batean ohikoak diren gertaerak alde batera utzita, ezer aipagarririk gabe.

San Fermin eguneko prozesioaren ostean hitz egin du Asironek. Etxekoentzat ekitaldi berezia da, eta alkatearen iritziz, "jende adeitsua" ikusi du: "Nahi zutenari txalo egin diote eta gainerakoak errespetuz hartu dituzte dituzte. Hala izan behar du".

Horrez gain, azken orduotan ez dela sexu-erasorik salatu azpimarratu du. Hori dela eta, "pozik" daudela aipatu du. "Beti daude gertakariak, baina oraingoz ohikoak baino ez dira egon. Ahal duguna egingo dugu gehiago gerta ez daitezen".