Herriak eta Hiriak
Gipuzkoa
Bonbillak Iberdrolaren izenean aldatzeko eskatu diete adin nagusikoei Errenterian
eitb.eus
Iberdrolaren izenean enpresa bat etxez etxe dabilela eta etxeko bonbillak aldatu egin behar direla esaten ari direla ohartarazi dute hainbat lagunek Errenterian.
-
Errenteria. Argazkia: Jagoba Lizarraga
Oarsoaldeko Garapen Agentziaren Kontsumo Sailetik eitb.eus-i jakinarazi diotenez, egun hauetan enpresa bat dabil Errenterian etxez etxe. Iberdrolaren izenean doazela eta etxeko bonbilla guztiak aldatu behar dituztela esaten dute. Gutxienez, lau lagun joan dira aste honetan Oarsoaldera horren berri ematera.
Legeak behartuta aldatu behar direla esanez, kontratu bat sinarazten diote jendeari, eta, batez ere, adin nagusiko pertsonak dira kaltetuak.
Oarsoaldeko bulego horretatik jakinarazi dutenaren arabera, ez dago inongo obligaziorik enpresa horren zerbitzuak onartzeko. "Ezetz esan dezakegu lasai asko", azaldu dute.
Kontratua onartu dutenek 14 eguneko epea dute hori atzera botatzeko, baina idatziz egin behar dute.