Itxi

Herriak eta Hiriak

Zaintza eta garbiketa

Larunbatean hasiko da Donostiako hondartzen denboraldia

Agentziak | Erredakzioa

Guztira, 22 sorosle izango dira hiru hondartzak zaintzen. Olanak, eguzkitakoak eta itzalkinak ekainaren 15etik aurrera izango dira eskuragarri.

  • Zurriolako hondartza, iazko udan.

    Zurriolako hondartza, iazko udan. Argazkia: Txomin Rezola

Larunbat honetan, ekainaren 1ean, jarriko dute martxan Donostiako hondartzen sorospen zerbitzua, udako denboraldiarekin batera. Olanak, eguzkitakoak eta itzalkinak, berriz, ekainaren 15etik aurrera izango dira eskuragarri.

Donostiako Udalak ohar batean gogorarazi duenez, BPXport enpresa arduratuko da hondartzak zaintzeaz, lehiaketa publikoa irabazi ondoren. Gurutze Gorria ez zen aurkeztu. 

Guztira, 22 sorosle arduratuko dira hondartzetako zaintza beharrez: 7, Kontxan; 6, Ondarretan eta Uhartean; 9, Zurriolan. Horrez gain, hondartzako koordinatzaile bat, hiru ontziko patroi eta koordinatzaile orokor bat izango dira. Guztira, 29 langile.

Ordutegia 10:30etik 19:30era izango da, ekainaren lehen hamabostaldian eta irailaren azken hamabostaldian. Denboraldiko gainerako egunetan, ekainaren 15etik irailaren 15era, 10:00etatik 20:00etara luzatuko da.

Kontxako bainu lagundua ekainaren 15etik abuztuaren 31ra izango da, 11:00etatik 19:30era. Gainera, berrikuntza modura, irailaren lehen hiru asteburuetan ere izango da zerbitzu hau.

Hondartzetako aldagela kolektiboak ere udako ordutegira egokituko dira; ekainean eta irailean, 09:00etatik 20:00etara, eta, uztailean eta abuztuan, 09:00etatik 20:30era.