20:26

Sanferminak

2016

Iruñeko peñek entzierroak hobetzeko neurriak proposatu dituzte

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lagunarteek aurtengo sanferminetarako proposamenak bildu dituzte, eta azken urteotan entzierroetan gero eta atzerritar gehiagok parte hartzen dutela nabarmendu dute.

  • Lagun-taldeek ibilbidearen garbiketa eta edukiera kontrolatzea azpimarratu dute. Argazkia: EFE

    Lagun-taldeek ibilbidearen garbiketa eta edukiera kontrolatzea azpimarratu dute. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Iruñeko Peñen Federazioak aurtengo entzierroak hobetzeko dokumentu bat osatu du. Bertan, sanferminak hobetzeko analisi bat eta proposamenak daude. Besteak beste, arropa zuria erabiltzea eta kazetariei entzierroak hasi aurretik sarbidea debekatzea dira aurkeztu dituzten proposamenetako batzuk.

Proposamenak sanfermin hauetarako prestatu dituzte, eta Iruñeko Peñen Federazioak Entzierroaren Mahaiari emandako dokumentu batean zenbait eskakizun egin ditu. Ekitaldiari formatu berri bat ematea, hileroko bilerak antolatzea eta jai bukaeran analisi bat egitea ere proposatu dute.

Dokumentuak ondorengo proposamenak biltzen ditu:

- Udalaren bandoak eta ordenantzak sustatzea.

- Entzierroaren arauak hausten dituzten pertsona guztiak zigortzea.

- Entzierroaren ibilbidea jendez hustea, garbiketa egin ahal izateko.

- Entzierroa hasi aurretik eta ibilbidean zehar, telebista-kameren eta kazetarien sarbidea debekatzea, eta zezen-plazara sartzeko kallejoiaren jaitsieran telebistek jartzen dituzten aldamioak galaraztea.

- Santo Domingo kalean dauden trafiko-seinaleak eta euri-jaitsierak kontrolatzea.

- Entzierroetan parte hartzen dutenen datu estatistikoak hobetzea.

- ‘Entzierro txikia’ indartzea.

- Udalak arropa zuriaren erabilera eta publizitate-elementurik gabekoa sustatzea, batez ere “morboa eta sentsazionalismoa” goraipatzen badute.

- Entzierrorako lantalde finko bat osatzea, hainbat kolektiborekin: arotzak, garbiketa-zerbitzuak, kazetariak, udaltzainak…

- Hiriaren irudia “zikintzen” duten programa sentsazionalista, iragarkien grabaketa eta publizitate kanpaina guztiei uko egitea.

Parte-hartzea entzierroetan

Dokumentuak Iruñeko entzierroaren tradizioa azaltzen du. Udalak emandako datu batzuk ere agertzen dira, azken lau urteetan parte hartu duten parte-hartzaile kopuruarekin. Iaz entzierroetan parte hartu zutenen “gehienak” atzerritarrak izan ziren, eta haietako asko, gizonezkoak eta gazteak. 2012ko urteko datuekin alderatuta, entzierroetan parte hartzen duten atzerritarren kopuruak % 17 egin du gora. Horien atzetik, Estatukoak daude, eta, ondoren, Nafarroako beste udalerri batzuetakoak. Azken hauek parte-hartzaile guztien % 4 dira.

Iruñeko Peñen Federazioak lasterketan sortzen diren masifikazio arazoak direla eta, entzierroak hasi baino lehen ibilbidea garbitzea proposatu du. Gainera, entzierroen inguruko informazioa zabaltzeko eta araudia errespetatzeko eskatu dute. Horretarako ,kazetarien “inplikazio aktiboagoa” eskatu dute, eta “entzierroan parte hartzen dutenen anonimotasunari eustea”.

Iruzkinak

  • Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena