Itxi

Albisteak

Asteartean

Bilboko Zorrotzaurreko proiektuaren nondik norakoak, 'Faktoria'n

G.U. | ERREDAKZIOA

Unitate ibiltaria hara bidaliko dugu, eta Asier Abaunza zinegotziak azalduko dizkigu xehetasunak. Bestalde, Al Anon, alkoholikoen senideen elkartea, ere ezagutuko dugu

Asteartean, 'Faktoria' saioko unitate ibiltaria Zorrotzaurren izango da, han hasita dagoen proiektua zein puntutan dagoen ikustera. Asier Abaunza Zorrotzaurreko Batzordeko kontseilari eta Bilboko Hiri Plangintzarako zinegotzia gurekin izango da, xehetasunak emateko. Bestalde, alkoholikoen senideen Al Anon elkarteko bi seniderekin hitz egingo dugu, hilabete honetan egingo duten batzarraren atarian.

07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Mikel Aramendi, Laura Mintegi eta Javier Diaz Noci. 09:30ean, Zorrotzaurreko proiektuaren berri izango dugu bertatik. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, PADI zerbitzua izango dugu hizpide Jose Luis Elexpururekin, gutxi erabiltzen delako. Jarraian, Jon Santxezek aktualitatea puri-purian ekarriko digu gero. Kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek, Berdeago azokaz hitz egiteko, Juan Zubiaurrerekin batera.

11:00etan, Al Anon elkarteko bi seniderekin hitz egingo dugu, Iratxerekin eta Koldorekin. 11:30ean, maskulinitate berriaz jardungo dugu Carlos Cidekin eta Xabier Amurizarekin, eta 'Metachodemacho' kanpaina ezagutuko dugu.

12:00etan, BECen hasiko den food trucken inguruko azokara hurbilduko gara, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterolarekin eta Igor Zalakainekin (brokolia prestatuko dute gure bi sukaldariek), eta, saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin hitz egingo dugu.

07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.