Itxi

Faktoria

Elkarrizketa

Jordi Sanchez: 'Independentisten arteko batasunik eza akats larria da'

EUSKADI IRRATIA

Pedro Sanchezi arriskuak hartzeko eskatu dio Cridako presidente aukeratu berriak, bestela eskuin muturrak hartuko duelako ekimena.

  • Jordi Sanchez

    Jordi Sanchez. Argazkia: Artxiboa

Jordi Sanchez Crida Nacional per la Republicako presidente hautatu berriaren esanetan, independentisten arteko batasunik eza "akats larria" da. Crida sortzeko kongresuan, asteburuan, irakurri dute Sanchezen gutunak alderdi independentistei egin dien batasunerako deia, eta Euskadi Irratiko 'Faktoria'ri eskainitako elkarrizketan argi nabarmendu du hori.

Jordi Sanchez: "Batasun faltak, zalantzarik gabe, ahuldu egiten du. Eta kasu honetan ere horrela da. Gutxienean, estatuak erabiltzen duen justifikazioa da. Gure partetik, akats larria da hori".

Kataluniako egoera politikoa blokeatuta ikusten du Sanchezek, eta, horren ustez, erreferendum bat badago bakarrik etorriko da konponbidea.

J.S.: "Blokeoa dago Espainiako indarren aldetik, irtenbideei heltzeko. Denok izan behar dugu ulerkor mahaiaren beste aldean daudenen jarrerekin. Baina eztabaidaezina dena da gatazka bat dagoela, eta irtenbidea bide politiko eta demokratikoetatik etorri behar dela. Eta nik ez dut ikusten erreferenduma ez den beste soluziorik. Badakit Espainia ez dela Erresuma Batua, edo Kanada, baina ez dago arrazoi demokratiko bakar bat bera ere irtenbidea erreferendum baten bidetik ez topatzeko".

Pedro Sanchezen gobernuak 84 eserlekuren babesa izateak erabaki edo proposamen ausartak egiteko zailtasuna eragin dezakeen galdetuta, Jordi Sanchezek argi esan du: "Arriskatu egin behar du".

J.S.: "Sanchezen gobernuaren ahuldadea ez da agertokirik onena. Aitortzen dut zailtasun hori, baina Sanchez geldi geratzen bada, eta elkarrizketa bideetan aurrera egiten ez badu, denak okerrera egingo duela uste dut. Benetan baldin badago soluzio demokratikoak nahi eta onartzen dituen Espainia bat, horizonte berriak zerumugan aurkitu behar dira. Sanchezek eskaini beharra dauzka. Bestela eskuinak, eta eskuin muturrak soilik eskainiko dituzte konponbideak. Politikan, bizitzan bezala, arriskuak hartu behar dira".

Ez du argitu bere ustez alderdi independentistek Pedro Sanchezen aurrekontuak babestu beharko lituzketen, baina aurrekonturik ez badago ere, Gobernua ez da eroriko, horren iritzian. Kezkagarriagoa da, horren aburuz, maiatzeko hauteskundeen ostean Sanchezek kontrako agertoki bat izatea, emaitza txarrak lortuz gero.

Lledonersko espetxetik erantzun die Cridako presidente berriak Euskadi Irratiaren galderei, idatziz. Aurrez aurreko elkarrizketarako hitzordua aurretik jarrita izan arren, espetxeko zuzendaritzak azkenean ez du kazetari gehiago sartzeko baimenik eman, leku-aldaketa tarteko ziurrenik.

Dirudienez, bihar eramango dituzte Kataluniako politikari presoak Lledonerstik Madrilgo espetxeetara. Epaiketa espetxetik prestatzea lan zaila dela dio, ez delako bermatzen bere defentsa-eskubidea.

J.S.: "Erreferentzia bada instrukzioa, esan beharra daukat ezetz. Ez dut inpartzialtasun sentsaziorik. Instrukzio-epailearen aurrean hainbat idatzi aurkeztu ditugu, inpartzialtasun falta salatuz".

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren politizazioak zuzenean eragiten dio Auzitegi Gorenari. Denok izan genuen PPko buruzagi batek bere alderdikideekin partekatu zuen mezu lotsagarriaren berri. Argi esaten zuen bertan Casadoren alderdiak bermatu zuela Marchena epaileak jarraituko zuela Goreneko bigarren aretoa kontrolatzen, beraien interes politiko eta alderdi interesen mesedetan.

Fiskaltzak 17 urteko espetxe zigorra eskatzen du Sanchezentzat, matxinada eta sedizio delituak leporatuta. Berak argi dio errugabea dela.

J.S.: "Sedizio eta matxinada delituetarako, indarkeria erabili behar da. Ez diot nik, Zigor Kodeak zehazten du. Benetan uste du inork urriaren 1ean, edo Parlamentuak adierazpena bozkatu zuenean, Generalitateak, diputatuek edo gizarteak indarkeria erabili zuela?

Edonola ere, 2012an Diputatuen Kongresuak legez kanpoko erreferendumak antolatzea despenalizatu zuen. Eta alde bakarreko independentzia adierazpena matxinadarekin lotu nahi bada, argitu behar da 1995ean Kongresuaren gehiengoak despenalizatu zuela indarkeriarik gabeko sezesioa, armarik gabekoa.

Zuzenbide estatu batean, delitua da Zigor Kodean ageri dena, hor ageri ez dena ez da delitu, eta zegoena eta kendu zena ere ez da delitu. Horiek dira demokraziaren eta zuzenbide estatuaren arauak. Argia naizela uste dut. Zigor kodea eskutan, ez dago ez sediziorik, ez matxinadarik".

Kataluniako alderdi eta elkarte independentisten buruzagiak epailearen aurrera eraman dituen estrategia aldebakarrekoari buruz, Sanchezek dio independentzia deklarazioa ez zela bere iritziz lehen aukera, elkarrizketa bultzatzeko ekimena zela.

J.S.: "Apustu sendoa elkarrizketa zen. Urriaren 27ko deklarazioa ez zen gauzatu. Ni espetxean nengoen eta ez ditut datu guztiak. Baina uste dut ez zela lehen aukera. Horretara iritsi zen 155a onartuko zela segurua zenean. Eta elkarrizketarako zubirik ez zegoenean. Nire iritzia berbera da orduan eta orain: ez dago erreferendumik gabeko konponbiderik, eta ez da erreferendum efektiborik egongo akordiorik gabe. Hitz egin behar da".

Epaiketan Iñigo Urkullu lehendakariak lekuko gisa deklara dezala eskatu du Jordi Pina Sanchezen abokatuak, eta argi dauka lekukotza horrek zer argituko duen.

J.S.: "Uste dut bere testigantzak argitu dezakeela Generalitatearen borondate zalantza gabea elkarrizketa eta bitartekaritza espazioak bilatzeko".

2017ko urriaz geroztik dago Sanchez espetxean. Soto del Realera eraman zuten lehenengo, eta Lledonersen dago udatik, etxetik gertuago. Elkarrizketan aitortu duenez, inoiz ez zuen espero bere jarduera politikoagatik askatasunik gabe amaituko zuenik.

J.S.: "Sekula ez nuen pentsatuko espainiar estatua hain urrutira helduko zenik. Eskubide eta askatasun demokratikoetan atzerapen handia da. Ez nuen uste inoiz gertatuko zenik, eta are gutxiago lehen pertsonan biziko nuenik".

Hilabete hauetan guztietan, jende askoren gertutasuna jaso duela adierazi du. Tartean aipatu dizkigu, Madrilen preso zegoela Aitor Esteban diputatu jeltzale eta lagunarena, eta Lledonersen EAJ eta EH Bilduko hainbat buruzagiren bisita, baita Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeko kideen bisita ere. Espetxean une kritikoak izan dituela ere aitortu digu, 2017ko abenduan, besteak beste.

J.S.: "2017ko abenduaren 4an, behin-behineko espetxealditik irten zirenean auzipetu gehienak, 4 izan ezik, tartean ni. Egun horretan ikasi nuen alferrik ilusiorik ez egiten. Askatasuna desio dut, nahi dut, baina badakit ez dagoela nire esku, eta onartzen dut epaileak erabakitzen duenean iritsiko dela. Askatasunaren alde borrokatuko naiz egun bakoitzean. Eta injustiziaren kontra. Baina ez dut eperik jarriko, desilusiorik ez hartzeko".