Faktoria
Kutsadura
Airearen kalitatea nabarmen hobetu da konfinamendua hasi zenetik
Trafikoa gutxitzeak eta industria jarduera apaltzeak zuzenean eragiten die NO2 gasen isuriei. CO2 isurien neurketa berehalakorik ez badago ere, adituak bat datoz txikitu direla esatean.
-
Trafikoa nabarmen gutxitu da
8:03 min



Martxoaren 15az geroztik indarrean dagoen alarma egoerak etxetik irtetea galarazten du, lanera joateko edo oinarri oinarrizko elikagaiak erosteko ez bada. Etxeratze aldi hori zuzenean hasi da igartzen kutsadura eragiten duten gas isurietan.
Nitrogeno dioxido (NO2) mailak nabarmen jaitsi dira Euskal Herrian. Barne konbustioko ibilgailuek eta argindarra sortzeko zentralek isurtzen duten gasa da nitrogeno dioxidoa. Gasteizko kasuan, erdia baino gehiago gutxitu da azken asteotan isurien kopurua. Ohikoa izaten da Arabako hiriburuan metro kubikoko 46-50 mikro gramo aurkitzea, baina azken astebetean balore hori ez da 22 baino handiagoa izan.
Bilbo eta Iruñea erdigunean ere 50-55 mikro gramo neurtzen dira sarri lanegun normal batean, eta azken astebetean ez da 36ko langa gainditu. Donostian ere, 45-47 mikro gramoren ordez, azken astean gehienez 28 neurtu dira. Durango, Tolosa, Andoain, Agurain edo Altsasu bezalako herrietan ere neurgailuek joera bera erakusten dute.
Gorka Elordui EHUko Ingeniaritza Kimiko departamenduko irakaslearen esanetan, aurrez Txinan eta Italian ikusitako joera bera ikusten da hemen ere. NASAk eta Europako Estazio Agentziako aztertutako datuek erakusten dute herrialde haietan koronabirusak eragindako geldialdiak kutsadura ere nabarmen jaitsi duela.
Elordik gogoratu du nitrogeno oxidoak kaltegarri direla pertsonen osasunerako, batez ere arnasketa arazoak dauden kasuetan.
Bestalde, nitrogeno dioxidoa, karbono dioxidoa (CO2) bezala berokuntza efektua eragiten duen gasa da. CO2aren neurketa fidagarririk ez dago denbora errealean baina Gorka Elorduik argi dio, gas hori ere errekuntzetatik emititzen denez, aurreikustekoa dela isuri kopuruak nabarmen behera egitea.
Epe laburrera emisioak murriztea onuragarri izango den arren, Elorduik azpimarratu du ikusi beharko dela motelalditik irteten hastean ekonomia suspertzea helburu denean isuriak kontrolatzea bigarren maila batean geratzen ote den.

