Faktoria
Tania Vicario, erizaina
'Saiatu gara indarrak gordetzen baina etorri denean, puxika bat bezala hustu gara'
Donostia ospitaleko COVID plantako erizaina da Tania. Martxoan ez bezala, baliabideak badituztela dio baina animoz eta indarrez dabiltzala eskas.
-
Tania Vicario, ezkerrean, lankide batekin
6:06 min
Ia beterik utzi zuen atzo Donostiak ospitaleko COVID planta. Artean gaur zer topatuko duen ez dakiela egin dugu Tania Vicariorekin hitzordua. "Kafe bero bat" espero du hasteko, behar dutelako jada indarra egunerokoari eusteko. Oso nekatuta daude eta animoz eskas. "Berriz hemen da. Saiatu gara indarrak gordetzen baina etorri denean, puxika bat bezala hustu gara", kontatu digu.
Zehaztu digu, nolanahi ere, déjà vu sentsazioa ez dela erabatekoa. Martxoan ezjakinaren aurrean utzi zituztela eta orain badagoela perspektiba bat. "Asko ikasi genuen udaberrian eta abuztuan eta orain badakigu zer egin behar dugun. Hori dugu aldeko, egun hobeak eta okerragoak ditugun arren".
Berbera izaten jarraitzen duena, covid gaisoaren bakardadea eta beldurra. "Hori ez da aldatu", esan digu. "Are eta gehiago, lehen egunkariak eta telebista doan zituzten eta orain ez. Familiak dirua ematen digu edo guk aurreratzen dugu eta guk jartzen diogu telebista ikusteko txartelak". "Familia ez gara", gaineratu du, "baina haien ordezko izaten ari gara, berriz".
Eutsiko diotela uste du baina nekez aterako dituztela indarrak. Eta hortik azken deia: "Jendea ez dadila politika akontuetan galdu. Batek hau esan duela eta harek bestea. Ez galdu, gizarte, mesedez!. Orain egin behar dugu egin behar duguna. Indar guztiarekin eutsiko diogu guk baina laguntza behar dugu".