Faktoria magazina
TANZANIA
"Erabat babesgabe gaude covidarekiko, eta presidente berriarengan dugu itxaropena"
Jon Artano | EiTB Media
Gobernu negazionista izan du oraintxe arte Tanzaniak. Presidentea hilberri da. Mikel Garmendiak, herrialde hartan sei urte daramatzan salestarrak, gaitzarekiko beldurrez bizi direla kontatu du.
-
Mikel Garmendia salestarra, Moshin, Tanzanian, Kilimanjaro mendia atzean duela
11:45 min
"Nik uste dut Euskadi maitea ez dudala berriz ikusiko". Ezkor mintzatu da pasarte batzuetan Mikel Garmendia Azpeitian jaiotako elizgizona. 40 urte daramatza Afrikan Garmendiak: Bost urte Beninen, hogeita sei Swazilandian, hiru Hegoafrikan, eta azken seiak Tanzanian. 60 apaiz eta fraidek osatutako komunitatean bizi da Moshin, herrialdeko iparraldean, eta duela gutxi koronabirusak kide bat hil die: "Nire lagun oso on bat galdu dugu; astebetean joan da. Gaizki gaude, larrituta, babesik gabe... ez txertorik, ez PCR probarik, ez ezer.... Batzuetan hurrengoa hiltzen ni izango naizela pentsatzen dut".
Tanzania transtsizio betean da, COVIDarekiko politika negazionistak egin dituen John Magufuli presidentea hil berri da. Ofizialki bihotzekoak jota hil da agintaria; oposizioaren arabera COVIDaren biktima izan da. Samia Suluhuk hartu du lekukoa. "Poz handiz hartu dugu aldaketa, Suluhu emakumea delako eta musulmana gainera, badugu itxaropena. Baina oraindik goiz da jakiteko zer bidetatik joko duen".
Otoitzari esker berena koronabirusik gabeko herrialdea zela aldarrikatu zuen John Magufuli presidenteak. Berak gidatutako gobernuak COVIDik gabeko lurralde izendatu zuen Tanzania 2020ko maiatzean. Orduz geroztik kutsatutako eta hildakoen datuak ez dituzte berritu. 509 kutsatu eta 21 hildako, 56 millioi biztanleko herrialdean.