Faktoria magazina
Ategorrietako sarraskia
Josetxo Otegi: "Ategorrietako sarraskia ezin diogu herriari estali"
Donostiako Ategorrietako erlojuaren ondoan 7 langile hil zituen Guardia Zibilak duela 90 urte. Euskal Herriko historian langileen kontra izandako sarraskirik okerrena da eta gutxi ezagutzen dena.
-
Josetxo Otegi Arrugaeta historialaria
18:43 min
Josetxo Otegi Arrugaeta historialaria buru belarri aritu da gertakari larri hura ikertzen eta gaur "Faktoria"n izan dugu memoria ariketa eginaz. 1931. urteko Maiatzaren 27a zen. Pasaiako arrantzaleak greban zeuden lan baldintza gogorrengatik (eskariak hiru ziren: Gran Sol-eko arrantzaleentzat 300 pezetako soldata, astean jai egun bat eta lanaldia 15 ordutik gorakoa ez izatea. 1919 tik ezarria zegoen espainiar estatuan 8 orduko lanaldia) eta goiz hartan Donostiara manifestazioan abiatu ziren grebari oihartzuna emateko. Mirakruz gainean, gaur egun Arzak jatetxea dagoen lekuan soldaduak zituzten zain, baina haiek ez zuten tiro egin. Aurrerago, Ategorrietako erlojuaren parean Guardia Zibilarekin egin zuten topo eta haiek tiroka hartu zituzten manifestariak. Emaitza, zazpi langile hilda eta dozenaka zaurituta.
Deigarria egiten da sarraskia gobernu errepublikar baten agindupean gertatu izana, deigarria egiten da gertakari hura hain gutxi ezagutzea eta gaur horretan lagundu digu Josetxo Otegi historialariak.
Ategorrietako sarraskian hildakoak Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo, Antonio Barro, Julian Zurro, Jesus Camposoto eta Manuel Lopez izan ziren. 19 eta 34 urte arteko gazteak.