Artea
Maiatzaren 2ra arte
Alicia Amatriain, Donostiako Dantza Hilabetean izar nagusi
Erredakzioa
Jon Vallejo eta Monica Zamora dantzariek jasoko dituzte aurtengo Dantza Sariak. Apirilaren 25ean, 9 eta 12 urte bitarteko 1.500 dantzari bilduko dira Kontxako barandako barra klasikoko erakustaldian.
Dantza sariak eta Dantzaren Nazioarteko Egunaren Gala
Maiatzaren 1ean, Jon Vallejo eta Monica Zamora dantzariek Dantzaren VIII.Sariak jasoko dituzte. Dresdeko Opera balleteko kidea da Vallejo, eta aurtengo errebelazio saria jasoko du donostiarrak. Monica Zamora ordiziarraren ibilbidea ere sarituko dute egun horretan. Birmingham Royal Balletean lehen izar izan zen Zamora, eta erretiroa hartua du.
Hurrengo egunean, maiatzaren 2an, Dantzaren Nazioarteko Egunaren Galarekin bukatuko da aurtengo Dantza Hilabetea. Alicia Amatriain dantzari ezaguna izango da bertan izar nagusi, eta Juan Carlos Santamariaren konpainiarekin arituko da.