Itxi

Artea

'Inmaculada'

Goyaren margolan ezezagun bat enkantean aterako da gaur Bilbon

Erredakzioa

'Inmaculada' izena jarri diote orain arte ezagutzen ez genuen Goyaren lan honi. Gaur arratsaldean Bizkaiko hiriburuko Gran Via enkante etxean izango da eskaintza egiteko aukera.

Francisco de Goya Zaragozako margolari ezagunaren lan bat enkantean aterako dute gaur arratsaldean Bilbon, Gran Via enkante etxean. Inmaculada izena jarri diote orain arte ezagutzen ez genuen Goyaren lan honi, eta amabirjinaren irudia agertzen du, aingeruz inguratuta. Margolanaren kontserbazio egoera ''''bikaina'''' omen da.

Enkante etxearen arduradun Marisa Arnaizek jakitera eman duenez, Jose Rogelio Buendia Madrilgo Unibertsitate Autonomikoko irakasle eta katedradunak legeztatu du margolanaren autoretza. Horretarako, pigmentuen azterketa eta erradiografiak bezalako teknikak erabili dituzte, besteak beste.

Euskal Herriko bilduma pribatu batean egon omen da lana urtetan. Espainia osoko bildumazaleen interesa piztu du orain arte ezezaguna zen pinturak, eta Bilboko enkante etxera jo dute askok lanari buruz galdezka, Arnaizek adierazi duenez.

Joan den abenduan, Goya artistaren beste margolan bat atera zuten enkantean Gran&' || 'nbsp;Vian. La liberación de San Pedro zen lanaren izena, eta oraingo Inmaculada hau baino txikiagoa zen. Orduan 170.000 euro ordaindu zituzten arte-lana etxera eramateko.

Gaur arratsaldean beste arte-lan batzuk ere izango dira enkantean Bilboko Gran Vían: Lucio Muñoz artistaren Principio del Hes (hasierako prezioa: 30.000 euro), Mariano Barbasanen Plaza de Subiaco (50.000 eurotan hasita) eta Daniel Vazquez Diaz margolariaren semearen erretratua, aitak sortua. Azken hau erosteko 45.000 eurorekin hasi beharko dugu eskaintza.