Artea
Urriaren 15etik 17ra bitartean
Jet Lag Fest 2010: hirietako gazteen adierazpenak, Bilbon ikusgai
Erredakzioa
30 jarduera baino gehiago eskainiko ditu gazteei zuzendutako jaialdi honek. Gainera, aurtengo protagonista Berlin hiria izango da.
Modaren, teknologia berrien, musikaren eta artearen erakusleiho bihurtuko du Bilbo Jet Lag Fest 10 jaialdiak. Urriaren 15etik 17ra bitartean, Bilboko gazteen sormena, berrikuntza eta parte-hartzea izango ditugu mintzagai. Gainera, aurtengo edizioaren protagonista Berlin hiria izango da. Hain zuzen ere, Alemaniako hiriburuko gazteak nola bizi diren erakutsiko du jaialdi honek.
2010eko ediziorako bost multzotan banatutako 30 jarduera prestatu dituzte: parte-hartzeak, moda eta tendentziak, kaleko kirolak, musika eta ikuskizunak. Euskalduna Zubiaren azpiko zelaiguneek hartuko dituzte ekitaldi guztiak. Berrikuntza modura, Jet Lag Flashak izeneko ekimena sustatu dute antolatzaileek, gazteek prestatutako performance proposamen lehiaketa bat.
Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirolak sailak antolatuta, egitarau "arina, dinamikoa eta erakargarria" eskainiko du jaialdiak. Horrela, "gazteen adierazpen eta parte-hartzeen topagune" bihurtu nahi dute Euskalduna Zubiaren azpiko zelaigunea. 2008. urtean ospatutako Jet Lag Bio jaialdiak 10.000 bisitari baino gehiago izan zituen. Areatzan izandako 2009ko Jet Lag Fest edizioan, bestealde, 3.500 gazte baino gehiagok hartu zuten parte. Gainera, milaka lagunek bisitatu zituzten antolatutako ekitaldiak eta erakusketak.