Itxi

Artea

Erakusketa Donostian

Edertasuna hizpide, Koldo Etxebarriaren 'Izatearen isiltasuna' lanetan

Erredakzioa

Gizakiaren barneko edertasunaren inguruko hausnarketa honetan, arkitektura, espazio isilak, argia, kolorea eta kontenplazio jarreran ageri den gizakia ditu elementu nagusi artistak.

Donostiako Lugaritz Kultur Etxean ''Izatearen isiltasuna'' erakusketa dugu egunotan ikusgai. Koldo Etxebarria artistaren lanak biltzen dira bertan, gizakiaren kontenplazio eta edertasun metafisikoa oinarri dituen bilduman.

Erakusketa Bilbon, Gasteizen eta beste zenbait herritan egon da ikusgai, Donostiara iritsi aurretik. Bertan, edertasun metafisikoan sakontzen du artistak, gizakiaren ezinbesteko dimentsio bezala. Dimentsio hori gizakiaren barnealdean kokatzen du egileak, sentimenduarekin, gozamen poetikoarekin eta harmoniarekin batera. Horren teknika artistikoa azken belaunaldiko teknologian oinarrituta dago.

Isilik eta kontenplazio jarreran ageri den gizakiaren irudia da baliabide nagusia lan hauetan. Barne edertasun metafisikotik abiatuta, inguruan duen guztiaren aurrean zabalik dagoen gizakia dugu Etxebarriaren lanetako protagonista. Arkitekturak ere badu bere lekua, eta eraikin ezberdinen bitartez edertasuna egunerokotasunean dagoela islatu nahi du artistak: gizakiarentzat ohikoak diren lekuetan, etxean, lanean, aisialdian... Inguru isilek giza irudia babesteko helburua dute, eta baita lasaitasun giroa sortu ere. Argiak eta koloreak, aldiz, inguruaren eta gizakiaren arteko harmonia sortzen dute bilduma honetan.

Koldo Etxebarriak 27 urte daramatza ETBko sail artistikoan lanean. Aurten, AEBetako Los Angeles hiriko Digital Art Galleryn izan ditu bere lanak ikusgai, eta Alcala de Henareseko Unibertsitatean Oteiza, Chillida eta Ibarrolaren lanekin batera erakutsi ditu bere artelanak. Madrileko deARTE azokan ere erakusketak egin izan ditu. Bere ibilbidean zehar hainbat sari jaso ditu Etxebarriak, Arte eta Teknologiaren Estatuko Txapelketakoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ertibil lehiaketakoa, besteak beste.

''Izatearen isiltasuna'' erakusketa urriaren 29ra arte izango da ikusgai.