Itxi

Artea

Datorren asteazkenean

Murilloren margolan bat enkantean aterako da Bilbon, 350.000 eurotan

Erredakzioa

Lehengo Legarda markesaren erretratua da, eta Sevillako margolariari egotzi diote. 'Ehiztaria' artelan ezagunaren bikotea da.

Bartolome Esteban Murillo artistaren margolan bat enkantean aterako da Bilbon datorren asteazkenean, azaroaren 3an. Lehen Legarda markesaren erretratua da, eta 350.000 eurotan irtengo da enkantean.

Bilboko Subastas Bilbao XXI enkante-etxeak jakinarazi duenez, Madrilgo bilduma pribatu bateko pieza da. Jabeek Gasteizen bizi ziren Legarda markesen oinordekoei erosi zieten 2004an.

240 zm luze eta 188,5 zm zabal den oihal gaineko olio-pintura bat da, eta 1662 eta 1664 bitartean margotu zuen Murillok. Bertan Maria Francisca Coterillo y Ortega andrea ageri da, ehizarako jantzia soinean duela. Legarda markesaren erretratu hau Ehiztaria margolan ezagunaren bikotea da (Antonio Hurtado de Salcedo y Mendoza markesaren senarra dugu protagonista Ehiztaria lanean).

Murilloren margolana ez da enkantean irtengo den artelan bakarra, ordea. Manuel Cabral eta Agudo Bejerano, Adam Pynacker, Aurelio Arteta, Jose Arrue, Celso Lagar, Angel Zarraga eta Benjamin Palencia artisten lanak, eta Chillidaren, Tapiesen eta Picassoren grabatuak ere izango dira salgai.