Itxi

Artea

'Zaindu-El Museo Restaura'

Bilboko Arte Eder Museoak 18 artelan zaharberritu ditu aurten

Erredakzioa

'Francisco Javier Gardoqui kardinalaren erretratua', 'Azokara' eta 'Sardina-saltzailea eserita' dira berritutako batzuk. Programa honen eskutik, guztira 111 lan zaharberritu dituzte azken 21 urteotan.

Bilboko Arte Eder Museoak 18 artelan zaharberritu diru aurten ''Zaindu-El Museo Restaura'' programari esker. 21 urte dira programa martxan jarri zela, eta guztira 111 lan berritu dituzte ekimen honen harira.

Aurten zaharberritutako lanen artean Francisco Javier Gardoqui kardinalaren erretratua Jose de Madrazok (Santander, 1781-Madril, 1859) Erroman sortutako lana aipatu behar da. Margolariaren lan garrantzitsuenetako bat da hau, eta Espainiako neoklasizismoan oinarrizkoa. Bilboko Udalak eskatuta egin zuen margolariak, kardinalari omenaldia egiteko.

Euskal artelanen bildumatik, berriz, Azokara eta Sardina saltzailea eserita lanak berritu dituzte. Aurelio Artetak (Bilbo, 1879-Mexiko Hiria, 1940) sortu zituen, 1913-1915 bitartean.

Barne bilduman Amatasuna lana da berritu dutenetako bat. Parisen sortu zuen Nemesio Mogrobejo (Bilbo, 1875-Graz, Austria, 1910) artistak, 1895ean.

Halaber, Joan Gonzalezen (Bartzelona, 1868-1908) 12 marrazki zaharberritu dituzte, eta arte garaikidearen atalean Andrés Nagel (Donostia, 1947) artistaren bi lanetan egin dute aurten lan: Bilboko lagunak eta Galerista madrildarrak Benidormen.