Itxi

Artea

Iruñan

Antzerkia, musika eta magia eskainiko ditu Gayarre Antzokiak 2011an

Erredakzioa

Antzerki, dantza, musika eta magia ikuskizunek osatuko dute 2011ko urtarrila-apirila bitarteko egitaraua. Gainera, zarzuela bat eta literaturarekin erlazionatutako emanaldiak izango ditugu ikusgai.

2011ko urtarriletik apirilera doan denboraldirako eskaintza kulturala aurkeztu du Iruñako Gayarre Antzokiak. Antzerki, dantza, musika eta magia ikuskizunez beteriko egitaraua prestatu du Nafarroako antzokiak. Gainera, Nazioarteko Poesia Eguna ospatzeko literaturarekin erlazionatutako zenbait ekitaldi prestatu ditu.

Datorren urtarrilaren 21ean eta 22an, Federico Moreno Torroba maisuaren Luisa Fernanda zarzuelaren ekoizpen berria ekarriko ditu Gayarrek.

Antzezlanei dagokienez, Teatro Corsariumen La maldición de Poe obra nabarmendu ditzakegu (urtarrilaren 18an estreinatuko da). Martxoaren 26an eta 27an Teatre Lliure konpainiaren La gata sobre el tejado de zinc caliente lana izango dugu ikusgai. Molière handiaren Tartufo obra klasikoa apiriliaren 8an eta 9an izango dugu Iruñan eta antzezlanen sailak itxiko du Lola Herrerak bere azken obrarekin, Querida Matilde.

Ariel Rotek emango dio hasiera txoko musikalari: urtarrilaren 28an arituko da zuzenean, Sólo Rot izenburuko bere azken diskoa aurkezten. Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai Dantza taldeek ere bere emanaldiak eskainiko dituzte. Dantza Cecilia Gomezen konpainiaren eskutik datorkigu, Cayetana, su pasión muntaiarekin (martxoak 5).

Magiazaleek ere bere hitzordua izango dute Gayarre Antzokian, hiru ilusionisten ikuskizunak izango baititugu ikusgai: Hausson (apirilak 28), Mag Lari (apirilak 29) eta Anthony Blake (apirilak 30).

Halaber, doako sarrera izango duen antzerki irekiaz ere gozatzeko aukera izango dugu, Teatro Taloren eskutik, datorren urtarrilaren 29an: Un funeral de muerte, antzerki taldearen 30. urtemuga ospatzeko obra. Bardok Miguel Hernandez olerkariari dedikaturiko Llegó con tres heridas estreinatuko du otsailaren 28an. Nazioarteko Poesia Eguna ospatzeko asmoz, Maite Perez Larrumbe idazleak sortutako Para entenderlos dímelo en verso errezitala hartuko du Gayarre Antzokiak.