Itxi

Artea

Legebiltzarraren txostena

Guggenheim museoaren ibilbidea aztertzen hasi dira

Erredakzioa

2014an, Jaurlaritzak eta Aldundiak akordioa berretsi beharko dute Solomon Guggenheim Fundazioarekin. Orain, akordio horren baldintzak zehaztuko dituen txostena osatzen hasi da Eusko Legebiltzarra.

Guggenheim Bilbao Museoak azken 13 urteotan izan duen ibilbidea aztertuko duen txostena lantzeko lehen batzarra egin du astelehen honetan Eusko Legebiltzarrak.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2014an Solomon R. Guggenheim Fundazioarekin berretsi behar duten akordioaren oinarriak zehaztea du helburu txosten horrek.

Lan taldearen presidenteak, Benjamin Atutxa sozialistak, azaldu duenez, lehen batzar honetan prozesuaren ''''oinarrizko helburua ezarri da: Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak akordio hori lortu ahal izateko erabili ahal izango duten dokumentu bat sortzea, hausnarketa sakon baten ondorio izango dena''''.

Taldeek hilaren 21era arte izango dute prozesuan parte hartuko dutenen zerrenda aurkezteko. Guztira, baliteke 15 bilera ere egitea txostenean auzi ekonomiko eta artistikoak biltzeko. Kultur garapenean adituak diren hainbat lagunek eta artista batzuek Guggenheim Bilbao Museoaren ibilbideaz duten iritzia plazaratu ahal izango dute, eta museoaren funtzionamenduaren inguruko beste gai batzuk ere izango dira hizpide batzordean: bilduma, artelanen prezioa finkatzeko modua eta diru publikoa erabiliz egiten diren artelanen erosketak, besteak beste.

''''Guggenheim museoak ekarpen handia egin digu, eta akordio berria herri irizpideei jarraituz egitea da funtsezkoena. Irizpide ekonomikoak ardatz hartuz, baina irizpide artistikoak ere kontuan hartuta egin behar da'''', azpimarratu du Atutxak.

Txostena 2012rako egon liteke bukatuta, eta orduan aurkeztuko zaie Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.