Itxi

Artea

EHU-BBVA

Soinua nagusi, Arte Ederretako ikasleen ikus-entzunezko erakusketan

Erredakzioa

17 instalazio, 44 bideo-lan eta 9 argazki izango dira ikusgai Arte Ederretako Fakultateak antolatzen duen erakusketaren XXII. edizioan. Sergio Prego eta Francisco Lopez dira artista gonbidatuak.

Soinua da elementu nagusia Arte Ederretako Fakultateak antolatzen duen ikus-entzunezko erakusketaren XXII. edizioan. BBVArekin elkarlanean egiten dute erakusketa urtero, eta, horren bidez, ehun bat ikaslek nazioarteko artistekin batera beren lanak erakusteko aukera izaten dute. Aurten, Sergio Prego eta Francisco Lopez artistak gonbidatu dituzte. Bilduma uztailaren 7ra arte izango da ikusgai, Bilboko San Nikolas plazan BBVAk duen egoitzan.

Josu Rekalde Arte Ederretako Fakultateko dekanoak azaldu duenez, soinuak leku nabarmena izango du edizio honetan. Hori dela-eta, ''Soinu eta irudi erakusketa'' izango da aurtengoa. ''''Beharbada, orain arte gehiegi oinarritu gara ikus-entzunezko kulturarekin zerikusia duen guztian, eta entzumena albo batera utzi dugu. Baina, zentzumen horrekin ere gai gara espazioaz jabetzeko'''', esan du Rekaldek bildumaren aurkezpenean.

Erakusketak ikus-entzunezko 17 instalazio, 44 lan biodeografiko (bideosormen, animazio eta fikzio ataletan banatuta), eta 9 argazki biltzen ditu. Horiekin batera, aurten gonbidatu dituzten bi artisten lanak ere izango dira ikusgai: Sergio Prego diziplina anitzeko artistarenak eta soinua jorratzen duen Francisco Lopezenak.

15 urte egin ditu Sergio Pregok (Donostia, 1969) New Yorken. Bilbora bi lan ekarri ditu, independenteak izanda elkarren artean harremana dutenak. Beste ikasle batzuekin batera, MUSAC museoan egindako tailer batean landutako piezak dira: aldi berean pertsona berdinei eta argi berdinei argazkiak atera zizkieten 25 argazki kamerek sortutako irudietan oinarritzen da Pregoren proposamena.

Francisco Lopez (Madrid, 1964), aldiz, musika esperimentala eta elektroakustika jorratzen duen artista nagusienetako bat da. Soinu paisaia jorratzeko, mundu osoko soinuak biltzen ditu, horiek guztiak artelan bihurtzeko. Egunotan Sónar musika jaialdian ari da parte hartzen Francisco Lopez.

Aurreko edizioetan Peter Greenaway, Esther Ferrer, Antoni Muntadas, Carlos Saura, Txomin Badiola eta Eugeni Bonet artistak izan ditugu erakusketako gonbidatu.