Literatura
1981eko otsailaren 23a hizpide
Javier Cercasek irabazi du Espainiako Narratiba Saria
Erredakzioa
20.000 eurorekin saritu dute Cercasen 'Anatomía de un instante' lana. Kronika, saiakera eta historia uztartuz, 1981eko otsailaren 23ko protagonisten azterketa egiten du.
Cercacen ustez, “eleberri batean agertzeko moduko” gertakari bat baino gehiago jazo ziren momentu hartan, eta pertsonaia nagusi bat ere izan zen, Espainiako erregea. Egilearen hitzetan, ''''Erregeak eraman zuen orduan meritua, baina estatu kolpea gertatu aurretiko urteetan jarrera arduragabea izan zuen, politikariek bezala''''. Neurri handi batean, Adolfo Suarezen azterketa egiten du saritutako argitalpenak, 1981eko otsailaren 23an eman zuten estatu kolpea abiapuntu izanda. Hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dute lana.
Javier Cercas (Ibahernando, Caceres, 1962) Espainiar Filologian lizentziaduna eta doktorea da, eta eskolak ematen ditu Gironako Unibertsitatean. El móvil ipuin liburua izan zen Cercasen lehen argitalpena, eta jarraian La obra literaria de Gonzalo Suárez saiakera kaleratu zuen. El inquilino, El vientre de la ballena eta Soldados de Salamina eleberriak ere argitaratu ditu.
Rogelio Blanco Liburuen, Artxiboen eta Liburutegien zuzendaria izan da epaimahaiko presidentea, eta, berarekin batera, honako hauek ere izan dira: Carmen Iglesias, Espainiako Errege Akademiatik; Francisco Fernandez Rei, Galiziako Errege Akademiako ordezkari gisa; Felipe Juaristi, Euskaltzainditik; David Castillo, Institut d''Estudis Catalans erakunderen izenean; Juan Mollá, Idazleen Elkartetik; Fernando Valls, Literatura Kritikarien Espainiako Elkartetik; Carmen de Mora, Espainiako unibertsitateetako errektoreen ordezkari gisa; Luis Vazquez La Mata, Espainiako Kazetarien Elkarteen Federaziotik; Elvira Navarro, Kultura ministroaren izenean; eta Kirmen Uribe, joan den urteko irabazlea.

