Itxi

Literatura

Haurrentzako lana

'Euria ari duenean' Leire Salaberriaren lanarentzat, Etxepare saria

Erredakzioa

6.000 euro jasoko ditu, egile eskubideen aurrerapen gisa, eta Pamielak lana argitaratuko du.

Leire Salaberria (Andoain, 1983) idazleak irabazi du 2010eko Etxepare saria, Euria ari duenean lanarekin. Testuekin eta ilustrazioekin sortutako haurrentzako euskarazko albuma da.

Salaberriak 6.000 euro jasoko ditu, egile eskubideen aurrerapen gisa, eta Pamiela argitaletxeak lana kaleratuko du datozen hilabeteotan.

Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, hainbat udalek eta mankomunitatek antolatzen dute urtero Etxepare saria (Barañain, Baztan, Berriobeitia, Berriozar, Burlata, Gares, Lizarra eta Uharte herrialdetako udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, eta Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Nabaskozeko Udala).

Epaimahaiaren iritziz, ''''artista berri eta berezi baten eskua nabari da lan honetan, eguneroko gauzei begirada desberdin batekin so egiten diena: euria, aterkia, mendiak, kalea, etxeak...''''. ''''Ohiko elementuak dira gure inguruan, baina egileak halako ukitu magiko bat eman die, ez fantasiaren bitartez, baizik eta errealitatearen beraren poetikotasuna azpimarratuz, formen eta koloreen bitartez'''', gaineratu dute.