Itxi

Literatura

15 liburu

Koldo Mitxelenaren lan guztiak, bilduma batean

Erredakzioa

''Euskara batuaren aitak'' utzitako ondarea 15 liburutan bildu dute. Zortzi urte eta erdiz aritu dira lanean Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz Arzalluz.

Laster 25 urte izango dira Koldo Mitxelena hil zenetik. Euskara batuaren aita, Euskal Herriko Unibertsitatearen sortzailea eta euskal filologo guztien erreferentea izan zen. Bere ondarea ez galtzeko asmoz, bere lan guztiak era antolatu eta argigarrian batzen dituen bilduma aurkeztu dute gaur Donostian.

Koldo Mitxelenaren senitarteko, lagun eta batez ere miresle eta ikasle izandako lagun asko bildu da Gipuzkoako Foru Aldundian, maisuari omenaldi egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimenez, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz Arzalluz irakasleak zortzi urte eta erdiz aritu dira lanean, Koldo Mitxelenak utzitako ondarea, liburuak eta denetariko argitalpenak, biltzen eta antolatzen.

15 liburu hauetan Mitxelenaren idatziei hainbat ohar, erreferentzia eta aurkibide erantsi dizkiete lagungarri gisa, maisuaren lana eskuragarriago egon dadin.