Itxi

Musika

Igandera arte

'Musika-Música': Chopin eta bere garaikideen doinuak nagusi Bilbon

Erredakzioa

Musika jaialdi honen bederatzigarren edizioak 1810eko belaunaldia izango du aztergai. 500 artistaren eskutik 61 emanaldi izango dira Bizkaiko hiriburuan. Sarreren prezioa 5 eta 9 euro bitartekoa da.

''Musika-Música'' jaialdiaren eskutik, doinu klasikoen festa erraldoia hartuko du Bilbok martxoaren 5, 6 eta 7an. Bilbao 700 Fundazioak antolatuta, Erromantizismoaren liluraz beteko da egunotan Bilboko Euskalduna Jauregia. Garai hartako lau ikur omendu nahi dituzte: Chopin, Schumann, Mendelssohn eta Liszt. Chopin eta Schumann maisuen jaiotzaren berrehungarren urteurrena ospatzen dugu aurten.

''Chopin eta 1810eko hamarkada'' izenburuarekin, 61 kontzertu izango dira entzungai, 500 artistaren eskutik. Igandera arte, garai eta belaunaldi xarmangarri baten soinu-unibertsoa birsortuko dute. Piano zaleen gozamenerako edizioa izango da aurtengoa: Chopinek instrumentu honetarako sortutako lana guztia entzun ahal izango dugu, 14 kontzertutan. Kamera musikak eta musika sinfonikoak ere leku berezia izango dute aurten, orkestra handien emanaldiekin (80 kidek osatutako taldeak izango dira batzuk).

Aurten ere, musika klasikoa zabaldu eta doinu hauenganako zaletasuna piztea du helburu Musika-Música jaialdiak. Igandera arte, denon eskura izango ditugu erromantizismoaren maisu handien doinuak: sarrerek 5 eta 9 euro bitarteko salneurria dute. Bilbao 700 Fundazioaren egoitzan, BBKren kutxazainetan eta Euskalduna Jauregiko lehiatiletan daude salgai.