Itxi

Musika

22:00etan

Oscar Mulero, 'Art After Dark' programaren denboraldia bukatzeko

Erredakzioa

Nazioarteko tekno munduan guruetako bat da Madrilgo DJa. Guggehmeim Museoko emanaldian musika elektronikoan zehar bidaia proposatuko digu.

Oscar Mulero Madrilgo DJ ezaguna izango da protagonista gaur Art After Dark programaren denboraldi bukaeran. Guggenheim Bilbao Museoaren atrioan eskainiko du emanaldia Mulerok, Dr. Smoke ezizenarekin.

Musika elektronikoan zehar bidaia egiteko aukera eskainiko die bertara gerturatzen direnei: Intelligent Dance Music-etik (IDM) hasi eta acid musikara iristeko, tekno klasikoenetik ere igaroz.

Saioa 22:00etan hasiko da, Fever klubeko Mr Chase-ren emanaldiarekin. Kasu honetan, musika independentearen erroak, orainaldia eta etorkizuna azalduko dizkigu Mr Chase Djak.

Guggenheim Bilbao Museoak Fever klubarekin lankidetzan antolatutako programa da Art After Dark. Ostiraleko emanaldiarekin bukatuko da denboraldia.

Oscar Muleroren musikaz gozatzeaz gain, museoko erakusketak ezagutzeko aukera ere eskaintzen du ekimenak. Ireki berri duten Henri Rousseau artistaren bildumarekin batera, Anish Kapoor eta Robert Rauschenberg: Gluts erakusketak izango dira ikusgai.

Sarreraren prezioa 12 eurokoa da (8 eurokoa Museoaren Lagunentzat), eta tokia mugatua da. Sarrerak salgai daude leihatilan eta Guggenheim Bilbao Museoaren web gunean.