Musika
Estatu Batuetan
Michael Jacksonen heriotzaren urteurrena, omenaldi handirik gabe
Erredakzioa
Poparen Erregearen hilobian ez da ekitaldirik egongo, eta Ospearen Pasealekuan ere ez da omenaldirik aurreikusi. Larunbatean Jackson gogoratzeko ikuskizuna egingo dute, Beverly Hilton hotelean.
Michael Jacksonen heriotzaren lehen mendeurrena ekarriko dugu gogora gaur. Orain urte bete zendu zen Poparen Erregea Propofol botikaren intoxikazioagatik, baina, aurreikuspenen arabera, omenaldi handirik gabe joango da eguna Estatu Batuetan.
Los Angeles hiriko Forest Lawn kanposantuko Jacksonen hilobian ez dute ekitaldirik egingo, eta edozein gorabehera saihesteko segurtasuna egongo da bertan. Poparen Erregeari goraintziak adierazi nahi dizkietenek kanposantuan sartzeko baimena izango dute, baina ezingo dira Jacksonen mausoleora hurbildu.
Era berean, ezin izango dute uso edo puxikarik askatu, eta abeslari ezagunaren doinuak edo dantzak ezin izango dira taularatu. Poliziak jakitera eman duenez, gainera, ezin izango da kanpatu hilerriaren inguruetan, eta mendeurrenaren bezperan debekatuta egongo da inguruetan aparkatzea.
Jarraitzaileen interesa piztuko duen beste puntuetako bat Hollywoodeko Ospearen Pasealekua izango da. Jacksonen izarra izan zen heriotzaren ondoren abeslarien zaleen bilgune, baina oraindik ez dago inongo ekitaldirik aurreikusita bertan.
Forever Michael: Beverly Hilton hotelen ikuskizuna, sarrera ordainduta
Larunbatean egingo dute heriotza gogoratzeko lehen ekitaldi handia Los Angelesen. Forever Michael izenarekin, VoicePlate Productions enpresak antolatu du, The Jackson Family Foundation funfazioaren laguntzarekin. Beverly Hilton hotelean egingo da ekitaldia, eta publikoak bertara sartzeko aukera izango du, sarrera ordainduta: 150 dolar merkeena eta 500 dolar garestiena. Jacksonen familiako kideak bertan espero dituzte, baina antolakuntzak oraindik ez du erabat baieztatu. Omenaldi honetan lortzen diren etekinen parte bat abeslariak lagundu ohi zituen erakundeentzat izango da.