Musika
Musika eta umeak
Haurrentzako musika klasikoko diskoa kaleratu du Inma Shara arabarrak
Erredakzioa
Amurrioko orkestra zuzendariak 'La isla de los sonidos' estreinatu du, txikienen artean musika klasikoaren zaletasuna piztea bilatu nahi duen lana.
Inma Shara orkestra zuzendari euskaldunak lan musikal berria dakar estreinekoz: La isla de los sonidos, liburua-CD-DVD formatuan datorren proiektu berritzailea. Disko honek jokoaren eta dibertsioaren bitartez umeengan musika klasikoaren zaletasuna piztu nahi du.
La isla de los sonidos haurrei zuzendutako ipuina dugu. Orkestraren historia zoragarrian murgildu daitezke eta Mozart, Tchaicovsky, Saint-Saëns, Rossini, Grieg nahiz Strauss musikari handien obra klasikoak izango ditugu lagungarri.
Umeen hezkuntzarako "musika klasikoak duen garrantzia" azpimarratu du Sharak. "Haurren garapena bizkortzen lagunduko du La isla de los sonidos, musika klasikoen konposaketa nagusienen bitartez", adierazi du arabarrak, "bere hezkuntzarako eta gaitasunentzako funtsezkoa dena".
Nazioarteko mailan orkestra zuzendarien artean, gazteenetarikoa da Inma Shara. Munduko orkestra ospetsuenak zuzendu ditu, hala nola, London Philharmonic Orchestra, Israeleko Filarmonikoa, London City Chamber Orchestra nahiz Txekiako Orkestra Sinfoniko Nazionala eta Errusiako Sinfoniko Nazionala.