Itxi

Musika

Urtemuga

20 urte bete dira Serge Gainsbourg abeslari frantziarra hil zela

Erredakzioa

'Je t´aime, moi non plus' abesti ezagunaren egilea 1991ko martxoaren 2an hil zen bihotzekoak jota.

Erakusketa, liburu eta bilduma askok ekarri dute gogora Gainsbourgen mitoa bere heriotzaren 20. urtemugan. Autore polemiko, probokatzaile, erakargarri eta lotsagabea gogoratzeko, nostalgiaz bete da egunotan Paris.

Serge Gainsbourg 1928an jaio zen Errusiako familia judu batean. Musikako hastapenak kabaret batean egin zituen, pianoa jotzen. Gero, abestiak sortzen eta kantaldiak eskaintzen hasi zen, ''Je t´aime, moi non plus'' eta ''Bony and Clyde'' abestiei esker Frantziako ''chanson'' mugimenduaren eredu bilakatuta.

Emakumeak gustuko zituen eta Brigitte Bardotekin izan zuen erromantzea pantaila handira eraman zuen Joan Sfar zinemagileak ''Gainsbourg (Vie heroique)'' pelikulan. Hala ere erromantze ezagunena Jane Birkin aktore eta abeslariarekin izan zuen, eta Charlotte alaba ere harekin izan zuen. Egunotan Charlotten argazkiek osatutako erakusketa bat antolatu dute Parisen, besteak beste Helmut Newton eta William Klein argazkilariek egindako irudiekin.

Caroline van Paulus Bambou-rekin, bera baino hogeita hamar urte gazteagoa zen emakume batekin, izandako harremana ere polemikaz betea egon zen. Elkarrekin Lulu semea izan zuten.

Bere alde lotsagabeena frantziako telebistan erakutsi zuen Whitney Houstoni egindako adierazpenetan.

Abeslariaren heriotzaren 20. urtemuga ospatzeko, Textuel argitaletxeak ''Les manuscrits de Serge Gainsbourg'' liburuaren edizio berri bat argitaratu du. Hermés agendetan idazten zituen oroitzapen eta notak biltzen dituen lana.

Gainera, ''Gainsbourg Inside'' liburuak Fulbert Ribeaut etxezainak bildutako oroitzapen eta bizipenak erakusten ditu, eta inoiz argitaratuak izan ez diren abestiak biltzen dituzten 20 CD argitaratu dituzte.

Bere jarraitzaileentzat ezinbesteko bisita da Montparnasseko hilerrian dagoen bere hilobia. Askok zigarro-mutxikin eta garagardo latekin betetzen dute, abeslariaren alderdi polemikoena omenduz.