Itxi

kultura

Ekitaldia

Hamar urte bete ditu Break on Stage jaialdiak

Erredakzioa

Hego Korea, Alemania, Italia eta Erresuma Batuko taldeak arituko dira larunbatean, apirilak 9, Bilbon, Casillako kiroldegian, kaleko dantzan oinarrituta egingo den ekitaldian.

Break on stage jaialdiak, break dance eszenikoan oinarritzen den topaketak, hamar urte beteko ditu aurten. Apirilaren 9an, Hego Korea, Alemania, Italia
eta Erresuma Batuko taldeak arituko dira Bilbon, Casillako kiroldegian, Bilboko Crazy Hospital eta Nafarroako Breathless proiektuak aurrean dituztela.

Hamargarren urtemuga ospatzeko, jaialdiak kalitatearen aldeko apustua egin du eta Jinjo Crew (Seul) eta Foreign Beggars (Erresuma Batua) taldeak izango dira apustu nagusiak. DJ Renegade arduratuko da gaua girotzeaz.

Break on stage Logela Multimediaren proiektua da eta, jaialdia ospatu baino egun batzuk lehenago, gure galderei erantzun diete.

Mota honetako ekimenetara gaztetxoak hurbiltzen dira askotan, nahiz eta adin guztietara zuzenduta egon. Zer motatako jendea hurbiltzen da zuen jaialdira?

Publiko zabalari zuzenduta dago, 12 urtetik gorakoei. Egia da gaztetxoak hurbiltzen direla, agian gehiago identifikatzen direlako jaialdiarekin, baina arte eszenikoak maite dituen edozeinentzat eta hip hop kultura gustuko dutenentzat da egokia. Mota askotako jendea dago. Madrilen eta Bartzelonan egiten dituzten ''kale kultur'' jaialdietan publiko konkretuagoa dago, baina gurea zabalagoa da eta horrela izan dadin saiatzen gara.

10 urte hauetan, jaialdiaren eta Euskal Herriko hip hop eszenaren eboluzioa paraleloak izan dira. Nola ikusten duzue hori?

Ez dut eszenaren irakurketa egin nahi, ez dagoelako zehazki nola dagoen jakiterik. Break On Stage jaialdiaz gain A.K.A Dantz jaialdia antolatzen dugu,
urte hasieran, Arriola Antzokiarekin batera. Kale dantzen erakustaldi eszenikoa da eta Euskal Herriko eta inguruko taldeek ematen dute izena bertan. Duela bi urte, Euskal Herriko bost taldek eman zuten izena, iaz hamar taldek eta aurten, berriz, hogeik! Gure esperientziaren arabera kale dantzak (break dancea, street dance, funky-jazz…) gorantz doaz.

Zuen jaialdiaren bereizgarrietako bat erabiltzen duzuen irudia da.

Etorriko diren artistak harrigarriak direlako eta harritzeko gaitasuna ez dugulako alboratzen. Izozkia da gure jaialdia: freskoa eta goxoa.