Itxi

kultura

Kordobaren salaketa

Kultura Ministerioak hiriburuaren hautaketa prozesua ikertuko du

Erredakzioa

Kordobak 'kutsatuta' egotea leporatu dio epaimahaiko kideetako bati, eta Juan Karlos Izagirrek esan du egitasmo onena delako aukeratu dutela Donostia.

Kultura Ministerioak 2016ko Kultura Hiriburua izendatzeko hautaketa prozesuaren inguruko ikerketa formala irekiko duela iragarri du ostegun honetan. Prozesu horren objektibotasuna eta gardentasuna bermatzea izango du ikerketak helburu.

Ohar batean jakinarazi duenez, epaimahaiko kideek ''''ezarritako irizpide eta arauen arabera jardun zuten'''' argitzea eskatuko dio Europako Batzordeari Ángeles González-Sinde buru duen Ministerioak.

Donostiaren izendapenak hainbat kritika eragin zituen, eta, bereziki hautagai ere baziren Kordoba eta Zaragoza hirietako ordezkarienak izan ziren orduan kritikak. Oraingoan, epaimahaiko kide bat izan dute salaketek helburu. Izan ere, Jose Antonio Nieto Kordobako alkateak gutun anonimo bat jaso dutela azaldu du. Hautaketa prozeduran epaimahaiko kide batek ustez Donostia aukeratzeko presioa egin zuela erakusten omen duen dokumentazioa jaso dute gutunean, Kordobako alkatearen hitzetan.

Juan Karlos Izagirre

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen ahotan, Gipuzkoako hiriburua "egitasmo onena delako" Europako Kultura Hiriburu aukeratu dute. Izagirrek azaldu duenez, Donostiak "aurkeztutako proiektuari esker bakarrik" lortu du garaipena.

EBko Ministroen Kontseiluaren izendapena arriskuan jarriko duen ekintza baten beldur ez direla adierazi du Izagirrek, "inola ere".

Txostenak "ez du zalantzarik uzten", Donostia "egitasmorik onena" delako aukeratu dute, Izagirreren esanetan.

Salaberria

Donostiako 2016 hautagaitzaren bulegoak epaimahaiarekin izan dituen "harremanak araudiak eta deialdiak ezartzen dutenaren barruan" eman direla ziurtatu du gaur Eva Salaberria hautagaitzaren zuzendariak.

Donostia Kultura Hiriburu izendatzeko arrazoien berri ematen duen epaimahaiaren txostena gaur ezagutu dutela azaldu du Juan Karlos Izagirre alkateak prentsaurrekoan. EBko Ministroen Kontseiluak erabakia 2012ko maiatzean berretsi baino lehen kontuan izan beharreko zenbait gomendio azaltzen ditu txostenak.

Hala ere, hautagaitzak Cristina Ortega epaimahaikidearen aholkuak jaso ez dituela argi utzi du Salaberriak. Hautaketa batzordeko kideekin harremanik izan ez dutela gaineratu du.

Andaluziako Gobernua

Bestalde, Jose Antonio Grinan Andaluziako Gobernuko presidentea eskutitz anonimo horren egiazkotasuna ikertzearen alde agertu da. Hala baldin bada, eta ustez epaimahaiko kideetako batek izendapena kutsatu zuela erakusten duen dokumentu hori egiazkoa baldin bada, kexa bat jartzearen alde agertu da Griñan.

Era berean, 2016ko Europako Kultur Hiriburua hautatzeko batzordeak gomendatu du proiektua zuzentzen duen partzuergoko atal kudeatzaileetan Donostiako Udalean, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak egotea.